Aste honetan, bitarteko bulego batean aritu naiz lanean. Herrira hurbiltzeko autoa hartu eta oinez egin dut bidea garai batean ikastetxetzat izan nuen eraikin eraldatura. Moilan barrena, errio ondotik, goizeko haizea lagun iritsi naiz jolas parke nagusira.
Saski erraldoiaren soka zurituek gogor eta nekatuak dirudite hainbat haurren nahi eta gogoak zabukatzeaz. Moketa moduko zoru laranja, urdin eta berdeak bertan jarraitzen du, mailatuago eta guneren batean zulatuago. Bitxia da, baina guztiok partekatzen genuen gu babesteko sortutako lur horrek belaunburuetan are urradura latzagoak egiten zizkigun susmoa.
Egurrez eta plastikoz eraikitako gune honetatik, batez ere, haien izkina eta torloju buruak nabarmentzen zaizkit begira. Eta jolastea gehiegi ahaztu duen gorputz eta garun honentzat, behintzat, ez da oso erakargarria suertatzen. Jolaserako deia baino, konponketa beharra pizten du, akaso.
Hala ere, aurrera egin eta eraikinaren sarrerara abiatzean, leku ezberdin bat atzeman daiteke. Herri askotan gero eta gehiago zabaltzen ari den paisaia bat. Berezia baino gehiago, soila agian, natura soila dela esan badaiteke behintzat. Tindatu gabeko egurrez osatutako tipi bat bere leiho, ate edo zuloekin. Pinu azalez gozatutako lur eremu bat, gorputzaren aurretik, arropak ubeltzeko. Enbor bertikalak, zubi okerrak eta eskuen erabileraz egindako helduleku askotarikoak. Esperimentaziorako bide lurtarrago bat, nolabait. Eta eskerrak.