Altsasu eta Zegama artean, Aldaola dermioan, iturri bat da, mugako iturria duzu, uren banalerroan baita. Aski duzu txorrota zertxobait mugitu emariaren norabidea alda dadin, hegorantz higituz gero Nafarroa duzu ureztatuko, iparrerantz jiratu eta Gipuzkoa blaituko.
Aldaola, emariaren norabidea aldatzen duen iturria. Egun ere, liskar iturri bilakatu den ur emaria.
Osaba Feliziano zenak, iragan mendeko 50eko hamarkadan, maiz egiten zuen Urbasa eta Urbia lotzen zituen mandabidea. Orduko hartan, ur emariek zedarritzen zuten ibilbidea. Felizianok, Aldaolako iturritik igarotzen zen aldiro, mama gozoa edan eta mandoak ongi hornitu ondotik, iturriaren txorrota alde batera edo bestera mugitzen zuen norabidea edozein zelarik ere. Ez dut sekula jakin zuzentasunaren izenean edota zirto gisara egiten ote zuen emaria aldatzearena.
Egun autokarabanen foroetan ere ageri da Aldaolakoa, XXI. mendeko orrietan bertakoa ur edangarria dela azpimarratzen dute. Kasu horietan ur hori ez da gatazka iturri bilakatzen, Gipuzkoan edo Nafarroan amaituko ote den ez da arazoa, kasu horietan ekintzak ibilgailuen hornitzea du helburu.
Lurralde euritsua izanagatik ere, afera ez da munta txikikoa. Hona balizko konponbidea, Urmugak bitartekari lana egin dezala, liskar iturria elkargunea bilaka dadin. Oker ez banaiz 2021ean Zegaman antolatu zuten emanaldia Urmugakoek, ea inoiz Altsasun egiterik duten, eta iturriari dagokionez, haizeak erabaki dezala emaria Bizkaiko itsasoan edo Mediterraneoan amaitu.