Itzea Urkizu Arsuaga.

«Ipurdi ta guzti»

2024ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun

Badugu beti behin-behinekoa den zerrenda bat, aldian-aldian osatzen jarraitzen duguna. Hizkuntzaz jabetzen hasi zenez geroztik, semeak izan dituen ateraldiak biltzen ditugu bertan, eta tarteka hara jotzen dut lekukotutakoak errepasatzera.

Behin, inoizko lorerik ederrena oparitu zidan, soineko estu samar bat jantzi nuen egun batean: «Amatxo, ze polita zauden ipurdi ta guzti». Pilota partidako artekariak musika bandako kide ziren beretzat, eta Euzkitze pelotarien hitzeinlea. Ohea maindiretu genuen goiz euritsu batean, eta lasai egoteko zioen, nigana itzuliko zela berriz: «Ze zure bihotza oso polita da». Astebeteko euriteen ondoren egunsenti eguzkitsua ikusita, zerua piztu zela oihukatu zuen ikastolara bidean. Kremazar hori ez emateko exijitu zigun, eta aitaren suma faltatzen zuela esan. Amorrazioak jo zuen, eskuak lika-lika zituela-eta.

Ariketak zoragarritik bezainbeste du krudeletik: testu berean ikus daitezke gramatikaren eta hiztegiaren aberastea burmuin bati atxikitzen, eta burmuin horren heldutze halabeharrezkoa. Malenkonia litroka, eta buruan duela gutxi bilera batean entzundako esaldi bat: bizitza zer da ba, gauzak onartzea ez bada? Onartzea, denborak jarraituko duela zaplaztekoak eman eta eman. Onartzea, gure txikiak ez direla betirako txiki izango. Onartzea, maitasun fisiko eta azalekoenetik begien kliska batean pasatu garela kasketa-kudeatzailearenera. Onartzea, bidea guk aukeratu genuen arren, tarteka min ematen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.