Iban Zaldua.

Hegemonia

2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun

Eurokopak zerbait erakutsi badu, gurean, da nola mehetu den abertzaletasunaren hegemonia kulturala: Arnaldo Otegiren purrustadak, ezker abertzale ofizialaren kartelak eta deialdiak, eta are pintada iraingarriak ez dira tinkotasunaren eta kontzientzia kritikoaren erakusgarri, baizik eta, alderantziz, ezintasun batenak. Izan ere, duela urte batzuk ez ziren beharrezkoak, inori ez zitzaiolako bururatzen Espainiako selekzioaren golak (ozenegi) ospatzea, ezta (are gutxiago) kamiseta kaletik janztea. Beldurrak jokatuko zuen, dudarik ez, bere rola euskal gatazkaren une gori haietan, baina ez da azalpen nahikoa. Hegemonia da gakoa: likidoago, pluralago ageri den oraingo gizarteari dagokiona (barkatu, arren, hitz topikoengatik).

Niri, dena den, beste hegemonia batek eragiten dit jakin-min/kezka handiagoa: kontuak horrenbeste aztoramendu sortu badu, futbol profesionalaz ari garelako da. Nonahiko jarduera bat, espazio publikoa eta eguneroko bizitza gero eta gehiago kolonizatzen duena, bere karga guztiarekin: lehiakortasun osasungaitzenetik korporazio handiek bertan ezarritako kontrol ekonomikoraino, masa-arrazakeriaren eta maskulinotasun toxikoenaren gotorleku izaeratik igarota.

Eta hori bai dela kontu erabat transbertsala, zeinetatik kanpo gutxiengo erretxin bateko kideok sentitzen baikara. Dibino jartzen garenean, ezinbestean, Jorge Luis Borgesekin bat egiten dugunok, zioelarik: «Futbola popularra da ergelkeria popularra delako».

Alferrik, eta patetikoki, zer esanik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.