Oporretatik bueltan, aspaldi ametsetan errepikatu ez zaidan pasarte kuttun bat oroitu dut. Harrigarria da lokartzean sentsazioak gorpuzteko dugun gaitasuna. Garai batean, barrura bildu eta ohartzerako, mendi-lerro, zuhaitz eta ibaien gainean aurkitu ohi nuen neure burua. Nonbaitetik zintzilik eta urdurituta bainoago, libre eta besoak erabat zabalik, aurpegian haizearen indarra senti nezakeen begietan azkura sentitzeraino.
Naturaltasun bitxi batez, alde batera eta bestera okertzen nuen gorputza, zeruan nabigatzera ohituta banengo bezala. Eta abiadura mantsotu ahala, gorputz adarrak mugitzen hasten nintzen gora eta behera, harik eta besoen lekuan, hegoak nituela konturatu arte.
Ez dakit zehazki noiztik miresten ditudan txoriak, baina oroitzen dut aitonak autoan gurasoenera ninderamala, bide ertzetatik gurutzatzen zitzaizkigun bizidunak aurkezten zizkidala. Mokoaren forma eta kolorea, lumak eta orbanak, edota hegan egiteko modua azpimarratzen zituen batez ere. Tamalez, nahi baino erreferentzia gutxiago jaso ditut, eta, horien faltan, uso eta kaioen inguruko kexak aditzen ditut maizago.
Aurtengo oporraldian, ordea, 74 biztanle zituen Frantziako herrixka txiki bateko leihotik, uso pare bat zelatatzen aritzeko aukera izan nuen. Hegaldian eta elkarrekin dantzan, ni baino gehiago ezagutzen zuten terrazan jirabiraka zebiltzan. Eta orduantxe, gortinari eskuarekin heldu eta sudurra beiraren kontra, neroni sentitu nintzen otzandutako animalia inbaditzailea.