Fikzioa dirudi. Udako errebelaziorik handiena ote? Superprodukzioen heineko afera da hau! Txerra Rodriguezek joan den astean idatzitakoaz ari natzaizue, Hiztegi Batu Oinarridun-ean aurkitutakoaz hain zuzen, bizkaieraren kontrako krimenaz.
Euskaltzain batek atoan eta kaza hitzak iruzkindu ditu erudizio eta apaltasun handiz. Berehala abiatu da ehiza: irakurleok odol gosez gabiltza! Nor gordetzen ote da [E208] identifikazio-kodearen gibelean? Suspenseak gailurra jotzean, alta, lasaitu naiz: ohar doilor horiek XXI. mendearen bezperakoak dira.
Euskaltzaindiaren Hiztegia-n hitz franko euskalkiaren arabera markatuak dira. Markatutakoen artean bizkaierazkoak nagusi omen. Ñabardura bat ekarri gogo dut hona: 3.337 hitzek Ipar. marka dute; Heg. marka, berriz, 1.254k baizik ez. Non zentroa, han neutroa.
Behin baino gehiagotan, periferiako euskaltzale euskaldunoi ulertarazi digute batuaren aurka ari garela, euskalkikerian eta mailegukerian, dinosauroak salbatu nahian. Eta etxekoentzat modernoegi omen gara: ez hain aspaldi, agure zahar bati entzun nion (seme-alabei ez zien hizkuntza transmititu) ikastoletan euskara espainola i(ra)kasten dela.
Txerrak bultza gogor hortikan, eta bultza nik hemendikan; baina biek ala biek argi dugu ez dugula euskara batua desegin nahi, bertan galduko baikinateke. Hesola bestelakoa da: diglosia, muga, jakintsuen ezjakintasuna, kolonizatuaren konplexua... Ea horiek oro laster erortzen diren.