Alazne Arruti Bengoetxea.

Hari muturra

2024ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

Noizbait gertatu zaizue burua informazio eta hitz gehiegirekin gainezka sentitzea? Lanean pantailaren aurrean, irakurri eta irakurri. Teklak zanpatu eta zanpatu, horietakoren batzuei hizkiak desagerrarazi arte. Mugikorra hartu eta mezuak errepasatu, jakinarazpen guztiak garbitu arte. Kafea hoztu bitartean, berriak errepasatu pantailari beherantz eraginez. Informazio burrunba, azkarra, irudi, ahots eta musikaz jantzia. Jakin nahiko nuke zerk abiarazten duen presa hori gugan. Zerk edo nork, eta zergatik.

Azken urteetan ez naiz gai izan liburuak lehen irensten nituen bezala irensteko. Ardura moduko bat izan dut erraiak estutzen, baina ez nuen topatzen unerik nire erritmoan, testuak nigan sortutako grinaren neurrian, irakurtzeko. Errazagoa zitzaidan autoa gidatzen podcasten bat entzutea. Konta ziezadatela nahi zutena, nahi zuten eran.

Lagunartean ere aipatu izan dut gai hau, lehen nintzenaren zatitxo bat berreskuratzeko gogoz. Eta halako batean, esan zidan M-k: «Hori, gustuko libururik hartu ez duzulako izango da». Baina nire arduraren partea beste nonbait kokatu behar nuen jakitun, ez nion garrantzirik eman.

Baina, aizue, Karmele Jaioren Maitasun kapitala irakurtzen hasi, eta zerbait piztu da nigan. Ostera galdutzat nuen hari muturra topatu banu bezala. Eta behingoz, irmoki heldu eta begi bistatik ez galtzeko neurriak hartzea erabaki  dut. Oporraldiez kanpo, serie, film eta sare sozialak mugatuaz, irakurketari ordu gehiago eskainiko dizkiodala zin egin diot neure buruari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.