Batzuentzat uda, eguzki borobil bat eta zeru gardenaren baliokidea da. Tenperatura goxoak eta azala goritasunari eskaintzeko unea. Eskuetan berehala urtzen hasten den izozki bat edo poltsan nahi baina gehiago izerditutako fruta zatiak irenstekoa. Beste nonbait, norberaren etxera etortzen direnak baina turista hobeak izateko aukera. Edo agian, urrutira joan gabe ere maitalearekin larrua maizago edo lasaiago jotzeko aitzakia, ostean orduari erreparatu gabe ohean idazten jarraitzeko.
Aurten bereziki, askotan entzun dut uda girorik egiten ez duenaren kexa. Kostaldean bizi direnak ere itsasoaz ohi baina gutxiago gozatzeko aukera izan omen dute. Eta ez dakit eguraldiagatik den, baina arrazoiren bategatik gorputzak motelduta eta gozamenera bideratzeko zamatuegiak dauden susmoa zabaldu dela dirudi. Agian, ikasturtearen nekea zerbaiti egotzi nahian, beste irtenbiderik ezin topatu gabiltza.
Eguraldiari lotutako kexak aisialdiari lotuta, bederen, oso erraz gailentzeko gaitasuna dute. Lurrari lotuta bizi direnak, ordea, larrituta ibili ohi dira bitartean tomateak berandu eta gorriak hartuta datozelako edota belarrak zakartu eta hazten jarraitzen dutelako moztu eta ontzeko komeria artean.
Baina, zer izango da ba, kale gehienetan porlana nagusitzen bada. Eskuak zikindu eta lurra ereitera bideratu baino, plateraren hustasuna nabarmendu aurretik, denda batean falta dena beste batean bilatzera bultza gaituen gizarte bat elikatzen jarraitzen badihardugu.