Badirudi hemen aritzeko tartea bukatu dela aurtengoan ere. Eta horrek zuzenki adierazi nahi du uda garaia agortzear dela. Yasminek azken zutabean, postalak idazteko usadioaz hitz egin duenean, azkenekoz haurra nintzela bidalitako izkribuak oroitu ditut. Irakasleak hiru postal bidaltzeko etxeko lana agindu zigun udan eta nik gustura asko idatzi nituen PortAventuran nenbilela kontatzeko.
Astelehen goizean, kasualitatez, nebak ere bertatik bidali zizkigun argazki batzuk familia kideok partekatzen dugun Whatsapp taldera. Ziurrenik denok pentsatu dugu besoetan daraman alaba irribarretsu hori noiz demontre koskortu ote den horrenbeste.
Atzo, San Agustin eguna zela konturatu eta izen bereko amaren osaba bat etorri zitzaidan akordura. Maiz, herrian topatu eta autoan igotzen ninduen etxeko atariraino, eskusoinua eta trikitia bozgorailuetatik lagun genituela. Azken denborak egoitza batean eman zituen burua zeharo arinduta. Eta bisita haietan hasi nintzen gu guztiok zainduak izateko dugun eta izango dugun premiaren zamaz arduratzen.
Harexek errepikatzen zigun, gaur egun oraindik gogoan izateraino, neba bere egunean munduratu zela. Gaurkoan, beraz, postalik ezean, egun bateko atzerapenaz bada ere, hemendik agurtzeko aukera baliatzea pentsatu dut. Zorionak eta mila esker, gurasoak ni baino lehenago gurasotu zituen eta bidean lagun dudan horri.
Ez, ez gara Vesna Vulovic, baina guk ere bildu(ko) ditugu galantak bizi honetan. Eta jarraituko dugu Anari elkarrekin kantatzen, oraindik ikasi nahian, erori, jaiki eta aurrera segi, estropezuak ere pausoak direla finean.