Amaiur Epher

Esploratzailea

2024ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun

Duela kasik hamar urte, Baionan eman zen hitzaldi baten harira, misionest famatu batek etnologiaren eta antropologiaren arteko ezberdintasunak kartsuki azpimarratu zituen. Publikotik aritu zen, hura ez baitzen hizlarien artean gomit. Curriculuma besteen heinekoa zukeen, alta. Dena den, Afrikan salbaiak aztertu zituen horrek ez zezakeen soporta paristarrek euskaldunak gisa berean deskriba zitzaten. Maleruski, sarean hitzaldia bere osotasunean atzeman badaiteke ere, arrastiri hartako klimaxa, hots, hitz hartze hori ez da nehon ere ageri, guti batzuon memorian ez bada.

Prediku hauek entzun ondoan, bidaiaz bidaia dabilen esploratzaile autoizendatu orok antropologotzat luke bere burua. Ordea, antropologoen erregeak berak «bidaiak eta esploratzaileak hastio [ditu]»... Ironiaz gain, paradoxa bat azpimarratzen du Levi-Straussen erranaldi mitikoak: leku ezezagun gosez, espantua ezin asez, hauek ezagun bilakarazi eta suntsitzea lortzen du esploratzaileak, eta nola ez haren gibeletik dakarren masa turismoak.

Esploratzaile nekatu batek zer ikus lezake Euskal Herriko tropiko tristeetan? Ikus litzake espari erraldoiak, eltxo tigreak eta lainoak, zeruko balea urdinak airean igerika.

Orduan, antropologo finenen intuizioari jarraikiz, mendi zalea ohartuko da intsektuen zizten saihesteko zango sagarrak aztalarekin jo behar dituela, dantza urrats berri bat estreinatuz.

Entrexatak eta fini.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.