Ez nuen uste lortuko nuenik, baina onartu dut trending topic diren zenbait kontu besteren ahotik jakin behar izatea. Horregatik maite dut algoritmoa: sofan lo geratu eta, komunera bidean hontz baten begiratuak aurpegia berriz hartzen didan aldiro, aukera ematen didalako mugikorrari hegaldi-modua kendu eta, argi urdin ankerrak limurtuta, munduan gertatzen omen dena jarraitzeko.
Hariak eta hariak eskaintzen dizkit krimen ikaragarriei buruz, arkitektura-lan ikusgarrienen atzeko bitxikeriez edo, nola ez, Olinpiar Jokoez. Guztia, bizitzako fase honetan egiaz ez dudan askatasun lurruntsu bat sentitzeko, goizeko hiruretan, haurra titian eta bikotea lo, gaiztakeriatxoa egiten ari denaren plazeraz.
Halako batean gertatu da, ordea: algoritmoak zubi-lanak egin ditu bizitza birtualaren eta hezur-haragizkoaren artean, eta gogorarazi dit amagandiko edoskitzearen astea dela hau. «Hara, hari horietako bat idatz nezake», pentsatu dut.
Konta nezake gure birramona Erramunak beste ama baten haurrak elikatu zituela, bere seme-alabez gain. Ama-esnea behar zuen familia bati esne pixka bat utzi diodala aurten, kosmosak genealogiari zentzua eman izan balio bezala. Liluratzen nauela pentsatzeak petrilean edo zumezko aulkian egingo zuen berbera egiten dudala nik orain, haren semearen semearen alabak, igerileku ertzean, paseoan edo ohean mugikorrari begira. Orduan bezala orain ere, munduan gauzak gertatzen direla guk jarraitzen dugulako bizitzaren haria iruten.