«Mundu hiperkonektatu honetan denok merezi dugu, istant batez bederen, ihes egitea...», azaldu du adiskideak. Blablabla. Aterpetxera heldu bezain laster, maletak ganberan pausatu gabe, wifiaren kodea eskatu du. Uztail hasieran, Frantziako hauteskunde biharamuneko folletoia segitzeari uko egitea neke. Usaian politikaz interes guti erakusten badu ere, eskuin muturraren igateak beldurturik, bozka eskubidea nehoiz baino sutsukiago aldarrikatzen du gaur.
Emaitzen irakurketa optimistegian murgildu ohi gara, ordea. Gureen euforiak kutsatu egiten gaitu (ilusioak dakarren biharamuneko buruko minari kasu guti), eta orain hatzari ezin eutsiz bezala, lehen ministro posturako Frantziako ezkerrak nor proposatuko duen jakin behar. Gureak zeintzuk diren arras argi izan gabe ere. Azken hamarkadetan Frantziak ezagutu duen presidenterik autoritarioenak muzin egin die ezkerraren nahikunde ilaunei, eta, tregoa olinpikoa dela-eta, dimititu duen gobernua mantendu du. Tregoa luzatzea zilegi, gainera, paralinpikoak oraindik ospatzekoak baitira.
Mendeek higatu arren, beste topiko honek beti eta egiatiagoa ematen du, ogiarenak eta zirkuarenak. Hagintariek agorrilean izorratu ohi gaituztela aipatu du batek igandeko edizioan; pentsa orduan joko olinpikoen denboran. Guhaurek ere norgaren ahantzi, eta kamisetan ‘España’ (edo ‘France’) harroki daramatenen elkarrizketak irentsi behar gure hedabideetan ere.
Nolako deskonexioa halako konexioa...