Leire Zorrakin

Dena eta ezer ez

2024ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun

Abuztua bukatzear dagoela, sarritan galdetzen diot neure buruari zergatik nabilen zutabe hau idazten, nik ez badut ezer berezirik kontatzeko, ez badut libururik argitaratu, ez badut talentu handirik, ez baditut ikasketak amaitu ere... Nor naiz ni?

Hausnarrean lortu dudan ondorio nagusia da guztiok aldi berean ezer eta dena garela. Noski, badaude gizartean protagonismo handia duten pertsonak, haiek esateko dutena entzutea zentzuzkotzat jotzen dugu eta, halarik ere, haiek gu bezain seme-alabak dira, ilobak, lagun minak, maitaleak... Beste pertsona askorentzat, ordea, haiek eta gu, bigarren mailako aktoreak baino ez gara, argazkiaren atzeko parteko figuranteak baino ez. Dena eta ezer ez.

Hori esanda, guztiok gara mundu honetako biztanleak; hortaz, bakoitzak bere ikuskera du, bere bizipen eta hausnarketak: zenbat buru, hainbat aburu. Horiek elkarbanatzeko aukera izatea pribilegio gisa azaltzen zaidan arren, beharbada, nire gogoetak ere interesgarriak edota baliagarriak suerta litzaizkioke norbaiti.

Horrek beste ondorio batera eramaten nau: pertsona guztiek daukatela emateko zerbait. Idealista ala inozentea dirudien arren, benetan sinisten dut besteengana mentalitate horrekin hurbiltzen garenean errespetuzko harremanak sortzeko hazia jartzen dugula, askoz ere aberasgarriagoak izango diren erlazioak ernetzeko lurra prestatzen dugula.

Dena eta ezer ez garelako, inor baino gutxiago eta inor baino gehiago, nire bizitza aurreiritziz garbitu nahiko nuke jakin-gosez betetzeko, guztiengandik jaso ahal dudala eta nik ere eman dezakedala presente izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak