Horaziok bi hitz horiek lotu zituenetik gaurko egunera arte esanahi desberdinak eman zaizkie. Ildoa ez da gehiegi aldatu, oraina aprobetxatzearena, hain zuzen ere.
Ados nago horrekin, betiere zentzuz egiten bada. Pertsonalki denbora gehiegi ematen dut etorriko dena planeatzen, nora noan asmatzen; aldiz, maiz ahazten dut non nagoen.
Kontua da urteak daramatzadala nabaritzen kontsumismoaren logika horretaz baliatu dela haren alde egiteko. Bat-batean, badirudi carpe diem planetako bazter guztiak ezagutu izana dela, esperientzia guztiak igaro izana, parranda guztietan topera egon izana... Zelako nekea, toki guztietan eta inon ez aldi berean, beti eta inoiz ez, joan eta etorri eta bidean aztarna uzteko beharra, mundu honek ez dezala inoiz ahaztu hemendik pasatu ginela.
Orain, uda garaian, sare sozialak irekitzerakoan erraz agertzen dira konparazioak eta urduritasuna, denbora ondo erabiltzen ariko garen zalantza. Lanean, langabezian ala oporretan; mendian, kostaldean ala betiko auzoan; jende berriz inguratuta ala betikoekin; ez dago iraganik ezta etorkizunik ere, unea baizik, hori da carpe diem bakarra, bakoitzak bere behar eta lehentasunak zehaztea, besteek ez dezatela hori gure ordez egin. Denok ez ditugu aspirazio berdinak, barneko dimentsioak eta egoera bitalak samar aldatzen dira pertsona batetik bestera, ez dago hautu bat bestea baino hobeagoa denik. Presio soziala hor dago, noski, baina balorazio moralak baino ez dira, joan den astean deskribatutako homogeneizazioaren bideak.