Gazako sarraskiak bihurgune historiko batean kokatu gaitu. Besteak beste, amaiera ematen diolako giza eskubideen babesean oinarritutako nazioarteko politikaren ildoari: 1918 aurretik potentzia inperialisten interes hutsen arteko talkak izan baziren nagusi; ondoren, bloke ideologikoen artekoak (faxismoa/antifaxismoa, kapitalismoa/sozialismoa), eta, 1989tik, giza eskubideen aipatu defentsa (nominala), egun Gerra Handiaren garaiko irizpideetara itzuli garela ematen du: geopolitika kapitalista gordina nagusitu da atzera.
Eta horren froga argienetako bat, Enzo Traverso historialariak Gaza ante la historia liburuan azaltzen duen bezala (Akal 2024), Holokaustoaren kontzeptuaren higatzean datza: Israelek bere suntsipen politikak justifikatzeko erabiltzen jarraituz gero, Holokaustoa bera gero eta gehiago jarriko da zalantzan (duela gutxi, lagunen arteko txat batean, «Bulocausto» esamoldearekin egin nuen topo, izututa). Holokaustoa izan zen, 1945 ostean, pixkana, giza eskubideen diskurtso hura gailentzen lagundu zuten faktoreetako bat, hain zuzen.
Giza eskubideen irizpidearen nagusigoaren aro laburra ez da izan, jakina, justua eta baketsua. Baina bazegoen, maila erretorikoan bederen, zeri heldu. Beldur naiz, ordea, euskarri hori gabeko mundu berria askoz ere doilorragoa izango dela.
Horregatik (ere) jarraitu behar dugu salatzen Israel Palestinaren kontra egiten ari dena: Holokaustoaren (benetako) zentzu sinbolikoa aldezteko.
Paradoxikoa badirudi ere.