Iban Zaldua.

Badaezpada

2024ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun

Turismofobia ez da kontu berria. Badaukat lagun bat, inoiz ezagutu dudan donostiarrik donostiarrena, turistaren batek hondartzarako norabidea galdetzen bazion, kontrako aldera gidatzen zuena, Amara Berrirantz, dena irribarre eta atsegin.

Hori 1980ko hamarkadan gertatzen zen, Google Mapsik ez zegoenean, jendeak oraindik galdetzen zuenean. Egun beste sabotaje bide batzuk asmatu beharko lituzke.

Nik ez dut sekula bere eredu militantea jarraitu. Ez pertsona ona naizelako (ez naiz), baizik eta nahikoa egonarririk ez dudalako. Eta halako zerbait egiteak nire kontraesan-kuota gainezkatuko lukeelako, neu ere, noiz edo noiz, turismoaren gaitzaren eroalea naizen heinean.

Bada prekauzio kontua ere, sekula ez dagoelako jakiterik norekin gurutzatuko zaren. Adibidez, kontatzen da Bad Nauheim bainuetxe-hiria, XIX. mendetik ezaguna bihotzeko gaitzen sendagune gisa, II. Mundu Gerrako aliatuen alfonbra-bonbardaketetatik ukigabe atera zela, nahiz eta zona industrial nagusietatik eta are Hitlerren gotorlekuetako batetik hurbil egon, zergatik, eta Franklin D. Roosevelt AEBetako presidenteak zenbait denboraldi eman zituelako bertan, umetan, bere aita laguntzen, eta, han bizitako une onak gogoan, hiria salbatzeko agindu omen zuelako.

Imajinatzen Roosevelt txikia mandatu bat egitera atera, kalean galdu, eta, hotelera itzultzeko jarraibideak eskatuta, nire lagunaren gisako norbaitekin egin izan balu topo?

III. Mundu Gerra baterantz goazen honetan, kontuan hartzeko modukoa da, apika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.