Leire Zorrakin

Azalak gordetzen duena

2024ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun

Kirolarekin dudan harremana aldatuz joan da urteetan zehar. Umea izanda, dena zen jolastea; helburua lagunekin ondo pasatzea baino ez zen. Nerabezaroan, aldiz, gorputzarekiko egonezinak agertzen direnean, kirola figura moldatzeko tresnatzat ageri zitzaidan. Geroztik inoiz ez da berdin izan.

Obsesioz betetako hainbat urte igaro eta gero, jasanezina bihurtu, eta agerian geratu zitzaidan neure buruarekin eta ariketa fisikoarekin nuen erlazioa berreraiki behar nuela. Soilik gogotsu nengoenean eta erlojurik gabe korrika egitea ez zen batere erraza izan, buruz ikasitako matematikak buruan azaltzen zitzaizkidan behin eta berriro, atzean utzi nahi nituen mamuen arrastoak.

Fisikoa ere nabari aldatu zitzaidan, eta besteen komentarioek jadanik nik neuk egiten nituen judizioak elikatu zituzten. Garai hartan, benetako erronka bihurtu zen ispiluan ikusten nuena onartzea; hortaz, azalak gordetzen duena balioesten hasi behar izan nuen. Une horretan, inoiz baino gehiago eutsi nien zentzumenei, baita bizitzaren zentzuari ere... Gorputz bakarra daukat, zer ahalbidetzen dit horrek? Aukera guztien artetik, zertarako erabili nahi dut nik?

Espazioek garrantzi handia hartu zuten, eta horietan indartsu izateko grina piztu zitzaidan, ariketa fisikoa ez txiki izateko, baizik eta bizi naizen ingurunean mugitzeko. Kirola osasuntsu egiteko, egiten dudan bakoitzean naizenaz ikasteko eta lantzeko, markarik gabe, inolako xede gehiagorik gabe. Holan ikasi nuen ez dudala zergatik bizitzako arlo guztietan gero eta hobeto jardun, ahal edota nahi ez badut; eta, are gehiago, espero nahi ez ditudan hobekuntza horiek, maiz, espero ez izateagatik heltzen direla, eszenatokian argiak amatatu direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.