Duela pare bat hilabete Berlineko mikro ireki baten egon nintzen. Bertan hiru ordu inguru eman nituen artistak entzuten, oso estilo anitzekoak denak. Deigarria egin zitzaidan norbait eszenatokira igotzen zen bakoitzean nabarmentzen zen begirune handia, baina are gehiago harritu ninduen gizon bat poesia errezitatzera irten zenean salbuespena egin izanak. Bat-batean jendea mugitzen hasi zen, garagardo bat eskatzeko edo zigarro bat erretzera irteteko aprobetxatuz. Auzoko taberna zen eta bertan zeuden gehienek elkar ezagutzen zuten; alabaina, gizon hau «arraro» kategorian sartzen zen eta horrek deseroso sentiarazten zituen ikusleak.
Bere poema irakurtzen hasi zen, arrarotzat hartzen dutela dakiela eta horren aurrean sentitzen duenaz hitz egiten zuena, zenbat aldatzen den bizitza hautematen gaituzten moduaren arabera! Horrek begi-bistakoa dirudi errealitatea sexuaren eta generoaren ardatzetik, ardatz kulturaletik edo klase ikuspuntutik aztertzen dugunean, baina nola da «arraro» izatea? Asteazken gau hartan, berak lekuz kanpo sentitzea dela aitortu zigun, behatuta eta alde batera utzita bezala aldi berean.
Homogeneizaziora jotzen duen mundu honetan denok sentitu nahi dugu berezi, eta, hala ere, kondenatu egiten dugu hala dena, berarekin harremanetan jartzeak ahalegina dakarkigulako, edo, agian, gure gainetik nabarmentzen delako eta besteengandik ezberdin sentitzetik are urrunago sentiarazten gaituelako... Beharbada egoa txikitzea izango da paregabe bihurtzeko bide bakarra, batez ere kontuan izanda gu geu izan gaitezkeela nabaritzen dugun tokian geratzeko joera dugula, guztiok ditugun bitxikeriekin.