Supermerkatu bateko apal batean jaio naiz, paketatutako produktua naiz paketatutako produktu gehiagoren artean. Ez dakit nola agertu naizen hemen, nire bizitza korridoreetan sailkatua dago, eta horien antolaketa ez dut nik ere aukeratu.
Gauean, paseoan noanean kontserbak behatzen ditut, egun osoa ematen dute lotan. Plastikoan bilduta datozen jakiak ikusten ditut, baita beirazko potoetan datozenak ere. Ondoren barazkien eta fruituen txokora heltzen naiz eta freskura sumatzen dut sudurrean. Nondik etorriko dira auzokide hauek?
Baso amaiezinak irudikatzen ditut, zuhaitzek diseinatutako bizilekuak, paretarik gabekoak, soilik intuizioak araututako ohiturekin. Txoriak entzungo direla imajina dezaket, neure buruari egunero entzuten dudan soinu-bandaren pentagrama nork bete duen galdetzen diodan bitartean. Argi zuriek itsutzen naute, kutxen zaratak gortu.
Nire barneak natura irrikatzen du, bizitza ikusteko eta dastatzeko modu berriak. Maite dut gaztaroa, mihisean trazuak nik egin ditzakedala jakinarazten nauen udaberria. Zaintzaileengandik urruntzeko prozesu natural honek ontzitik haratago beste errealitate bat badagoela erakusten dit, ez dela zertan nire aukera izan elkarri atxikitako etxe bat eta Volvo bat desiratzea, aurretik eraiki duten etxebizitzan irautea.
Agian gaur, kaiola apurtuko delakoan, salto egingo dut apaletik, beharbada bisitatxoa egingo diet nire ortuko lagunei. Esker ona baino ez daukat sistemak eraldatzeko kamioak zabaldu dituztenentzat, supermerkatutik at fruta-arbolak landatzen dituztenentzat.