Ekintzailetza kolektiboa

BERRIA.
2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Ekintzailetza eredu berri bat behar dugu, tokiko garapen ekonomikoa eraldatu nahi badugu. Ez dago beste aukerarik. Gaur egun, merkatuak ez dauka gaitasunik lanpostu berriak sortzeko, eta ez du izango ere; egungo sistema ekonomikoaren krisia ez baita krisi soila, besterik gabe pasatuko dena. Krisiak sistemikoak dira, sistemak berak eragiten ditu, eta, kontrakoa saldu nahi diguten arren, ez gara inoiz bueltatuko azken «krisi» honen aurretik bizi genuen egoerara. Bidegurutze horretan, hiru aukera ematen zaizkio langabezian dagoenari: formazioa, lan bila atzerrira joatea edo ekintzaile izatea.

Formazioa, adibidez, ez dago denen eskura. Masterrak, esaterako, (ia) beti oso garestiak izaten dira. Nork ordain ditzake? Gutxik, oso gutxik. Beste aukera bat kolokazio tailerrak dira. Horietan lanbide konkretu batean formatzen zaituzte, formazio horri lotutako lanpostu bat lortzeko. Baina, gehienetan, ez da lan desiratu hori ere topatzen.

Atzerrira ere joan zaitezke lan bila, bai. Aukera hori gazteei planteatzen zaigu bereziki, baina aukera bortitza da, nahiz eta esperientzia irabazteko aukera polit gisa saltzen diguten. Nori gustatzen zaio etxea, familia, lagunak... atzean utzi eta «behartuta» alde egitea? Gutxienez hautu hori borondatezkoa balitz...

Ekintzaile izateaz ere zer esan? Ekintzailetza ereduan indibidualtasuna sustatzen da orokorrean: «Zu zara ekintzailea, zu bakarrik, baina erantzukizun osoa ere zurea da». Horixe da hegemonikoa den eredua, arrakasta pertsonalean (edo hondamendi pertsonalean) oinarritutakoa, start up ereduari jarraiki. Finean, ideiak enpresa bihurtzea, finantzazioa eta saltzea bilatzen da. Hortik aurrera ezer ez.

Egoera horrela, OlatuKoopek beste ekintzailetasun eredu bat sustatu nahi du, kolektiboa, bizi proiektuak eraikiko dituena. OlatuKoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarea da, sare sortu berria bai, baina ekintzailetza eredu ezberdina erakutsi nahi diguna eta eredua sortu nahi duena. Beste eredu bat.

Hori, baina, ezin dugu bakarrik egin. Beharrezkoa da tokian tokiko garapen ekonomikoko eragileekin aliantza bat sortzea, udalekin eta garapen agentziekin kasu. Gero, tokian tokiko behar sozialetan oinarritutako diagnostikoak egin beharko ditugu; tokian tokiko formazio profesionaleko eragileak ezagutu; Ekonomia Sozial Eraldatzaileko esperientziak azaleratu; eragile publiko, kooperatibo eta komunitarioak saretu; jendartearen benetako beharrakasetzera bideratutako proiektu berriak sustatu...

Aliantzak martxan jarri ondoren, tokiko merkatu sozialen kateak osatu ahal izango ditugu eta proiektu kolektibo berriak sortu. Hala, tokian tokiko proiektu kolektibo eraldatzaileek hasieratik toki bat izango dute, hasieratik ehun ekonomiko berria sortu eta trinkotuko dute, proiektuen eta eskualdeen bideragarritasuna ahalbidetuz, epe luzerako ikuspegiarekin. Hasieran argi utzi dugu: proiektu kolektibo eraldatzaileekin tokiko garapen ekonomikoa eraldatzea da gure asmoa. Asmoa baino gehiago, egia esan, horixe baita dagoeneko egiten ari garena, txikitik saretuz. Zuek ere ongi etorriak zarete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.