Garbiñe Petriati Ijurra.
EUSKARAREN NORMALIZAZIOA. NORANTZ EGIN?. BIDEBERRITZEN

Ekin eta beharrezko egin

2016ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Agerikoak dira azken hamarkadetan euskararen biziberritzeari eta normalizazioari begira egindako aurrerapausoak.

Euskararen normalizazioa bermatuko zuela pentsatuta, euskararen aldekotasuna eta ezagutza sendotu eta zabaltzea hartu zen ardatz. Euskaldunok eta euskaltzaleok euskararen aldekotasuna agertu dugu hamarkadetan, eta hori modu ezberdinetan jarri dugu agerian: ikastolak eraikiz, seme-alabak ikastolara edo euskarazko eredura eramanez, euskaren aldeko festak sortuz, dirua emanez... Eraiki, eraiki eta eraiki aritu gara urte luzez. Alde nagoenez inplikatzen naiz, erdaratik ere inplikatzen naiz. Bide horrek eraikuntza ekarri du nagusiki.

Baina konturatu gara alde egote hutsak eta ezagutzak ez dakarrela aldaketa soziala. Euskara toleratua dela baina bizitza administratiboa, ekonomikoa eta soziala erdaraz dela nagusi. Gauza bat dela zein bide egin dugun eta nola egin dugun, eta beste bat, euskaraz bizi ahal izateko, euskara normalizatzeko bide horrek bakarrik eramango ote gaituen bukaerara.

Gauzak horrela, zein da irtenbidea? Hizkuntzaren normalizazio-prozesuan, euskal hiztunen hizkuntza-eskubideen bermean, aurrera egiteko jauzi bat egiteko unea da. Eta aurrera begirako bidean hitz gakoa praktika da.

Euskaraz bizitzeko hautu kontzientea egin dugunok guk nahi bezala agertu eta ikusgarri egin behar dugu. Ikusgarri egin behar dugu erabaki hori gure praktikarekin. Eskubide hori ez zaigu berez eta erraz ageri, traba ugari ditugu borondate hori bururaino eraman nahi badugu. Baina gure pentsamenduek, gure usteek, gure ideiek eta nahiek definitzen dute gure portaera. Horrela, euskaraz bizi nahi dut esaten dugunean, hori gurekin eramaten dugunean, praktika bilakatzen dugunean, mundua, ingurua alda dezakeen pentsamendu sinple eta eraginkor bilakatzen da euskaraz bizi nahia.

Nonahi erabili eta eskatu behar dugu euskaraz aritzea, errespetuz, dagokiguna modu lasai eta gizalegezkoan. Konplexuak, lotsak eta beldurrak baztertu, eta xinple bezain argi agertu; gure hizkuntzan bizitzeko libre izan nahi dugu, eta horretarako zailtasunak sortzen zaizkigunean euskara «emateko» prest gaudela azaldu. Gure inguruan, besteekin harremanetan gaudenean, praktika positiboak eta jokabide urratzaileak sortu eta zabaldu. Hori egiten dugunean, beharra sortzen dugu inguruan.

Elkarri ulertzera behartuta gaude herritarrak elkarrekin bizitzeko. Horretarako, oinarrizkoa da besteak hitz egiten duen hizkuntza ulertzea. Euskaraz bizitzeko gure ingurukoen beharra dugula ikusarazi behar dugu. Euskarazko mundua partekatu, euskara gozagarri erakutsi, gure nahia positibatu eta modu eraikitzailean zabaldu. Modu erakargarri eta estimulagarrian portaera berriak probatu, gauzatu eta hedatu behar ditugu. Bide horretan aldaketak sortzeko positiboa da tarteko lorpenak azpimarratu eta esplizitatzea. Garrantzitsua da egoera positiboez, lorpenez, jabetzea.

Jatorriak jatorri, beraz, euskaldun izatea erabiltzea da, praktika da, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzea da, publikoki jarrera bat hartzea.

Herritarren jarrera hau bultzatu eta erraztekotestuinguru bat eskaini behar dute herri erakundeek eta normalizazioan diharduten eragileek. Su hori pizteko, keinu horiek bultzatzeko, olatua sortzeko ezinbestekoa da ziurtasun eta konfiantza giroa sortzea, babesa eta aterpea eskaintzea eta horretarako ekimen eta iniziatiba kolektiboak sustatzea.

Euskararen normalizazioa, baina, ezin da herritarren eta gizarte-eragileen esku utzi.Arazoa estrukturala denez, arazo estrukturalak gainditzeko jokabidea hartu behar dute erakundeek eta instituzioek. Euskaraz lan egitea, erosketak euskaraz egitea, zinea euskaraz ikustea, kirola euskaraz egitea, medikuarekin euskaraz hitz egitea, euskaraz jolastea, euskaraz ikastea, interneten euskaraz nabigatzea, euskaraz irakurtzea, kaleetako iragarkiak eta postontzietara iristen direnak eta produktuetako etiketak euskaraz irakurtzea, euskaraz irratia entzun eta telebista ikustea… errealitate bihurtzeko politikak abiatu behar dira. Hizkuntza beharrezko bihurtuko duten politika orokorrak eta zehatzak. Euskara ikasi eta erabiltzeko beharra sortu behar da, beharrezko hizkuntza gisa baliorik ez duen bitartean ez baita aurrera egingo normalizazioan. Eta horretan administrazioek ardura handia dute.

Hizkuntza-eskubideak ardatz hartuta dimentsio politiko eta sozialaren arteko koordinazioa eta konplizitate harremanak sortu behar dira. Elkar elikatuko duten dinamikak eta praktikak.

Bakoitzak bere zeregin espezifikoari helduz, bakoitzak dagokion ardurari eutsiz eta denbora faktoreak duen garrantziaz jabeturik sortuko ditugu euskaraz bizi ahal izateko baldintzak. Ekin eta beharrezko egin, ekintzaren aroan sartu beharra dauka euskarak eta euskaldunak. Euskarak praktika behar du. Praktikak sortuko du beharra eta beharrak eragingo ditu aldaketak; beraz, praktikarik gabe ez dago aldaketarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.