Aurreko azaroaren 29an, Gasteizen egindako ekitaldi batean, Eusko Jaurlaritza eta 25 euskal enpresa Comunidad #Por el clima ekimenera atxiki ziren. Parisko COP 21eko akordioak, aldaketa klimatikoari aurre egiteko asmoa dutenak, egia bilakatzeko omen da ekimen hau. Bertan esan zenaren arabera, aldaketa klimatikoaren aurka neurriak hartzen dituztenen kluba da. Bertan, nonbait, Jaurlaritza eta enpresa sinatzaileak daude. Egia ote?
Arreta deitu diguten hainbat kontu azpimarratuko ditugu. Lehendabizikoa anekdotikoa da, baina ekitaldiaren izaeraz jabetzeko balio du. Ekitaldian, sinatzaileei diplomak banatu zitzaizkien, txalo artean. Diplomak, alabaina, ez ziren banatu etxeko lanak eta azterketak gainditu dituztelako, «Por el clima» ekimenean izena eman dutelako baizik. Hori pagotxa! Izena eman eta diploma eskuratu dena bat, autokonplazentzia erakustaldi bat emanaz.
Bigarrena; izan berri den COP23 batzarrean, bi kontu geratu dira agerian. Batetik, helburuetatik urrun gabiltzala eta, bestetik, geratzen den denbora murritza dela. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen esanetara, mundu mailan CO2 emisioak %80 eta %95 artean murriztu behar dira aldaketa klimatikoa katastrofikoa ez izateko. Gu, kutsatzaile handien taldean gauden neurrian, %95etik gertu beharko genuke, baina gure politikak ez datoz bat helburu horiekin. Gure emisioen %65 sektore energetikotik (Petronor batik bat) eta garraiotik datoz. Arlo hauen inguruan albiste gutxi, ordea, Jaurlaritzatik.
Are gehiago, Ingurumen sailburuordeak, COP23an, EAE isurtzaile txiki bezala deskribatu zuen. Gaiaz zertxobait dakien edozeinek badaki isurketa kopuru globala ez dela erabili beharreko adierazlea; bai, ordea, biztanleko isuriak. Hori horrela, EAEtarrak isurtzaile handien bagoian goaz, biztanleko 8'9 tona CO2 urtean, Europako Batasunaren batezbestekotik gora; Espainia, Erresuma Batua, Frantziako estatua eta Italia baino gorago. Ustez kutsatzaile handiak diren txinatarrak baino gehiago. Eta oraindik kezkagarriagoa da azken datuen arabera (2015) aurreko urtean baino isurketa handiagoak izan ditugula, hazkunde ekonomikoa eta isurien gorakada beste behin elkar lotuz. Ez da geure buruari egiten diogun tranpa bakarra. Egungo datuak 2005eko datuekin alderatzen dira. Eta ez 1990ekoekin (Kyoto). 2005etik hona isuriek %24 behera egin dutela dio Jaurlaritzak, baina 1990ekiko beherapena %9 eskasa izan da. Beherakada krisiak ekarri zuen, ez Jaurlaritzaren plangintzak.
Ezer gutxi, beraz, diskurtso ofizialak duen baikortasuna berresteko. Testuinguru honekin, desatsegina da Urkullu lehendakaria euskal jendarteak ingurumenaren egoera hobetu dela hauteman duela esaten entzutea.
Errealitatearen gordintasuna ikusarazi ordez, Jaurlaritzak, 25 enpresekin batera, autobonboa egiten du. Eta ez nolanahiko enpresak, gainera. Horien artean, klimatikoki deskalabrua den AHTa eraikitzen ari diren Ferrovial edo FCC enpresak, edo EAEko bigarren CO2 isurtzaile handiena Cementos Lemona enpresa. Edo, eta hau jada hipokrisiaren paradigma izan daiteke, azken 10 urteetan CO2 isuriak jaitsi ez dituen eta ekonomia zirkularrerako atzerapausoa den Zabalgarbi errauskailua (EAEko 4. kutsatzaile handiena). Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka horien borondatean oinarritzen bada, porrota segurua da.
Badago eskua non sartu. Industriak esfortzua egin beharko du, noski. Baina sektore energetikoa eta garraioa erabat aldatu gabe, ez dago irtenbiderik. Jaurlaritzak errealitate gordina erakutsi eta propaganda utziko balu, asko aurreratuko genuke premiazko afera honetan. Beraz, diplomak banatzen hasi baino lehen, has gaitezen ardurak banatzen, Jaurlaritzatik hasita. Eta benetako emaitzekin batera banatu ditzagun diplomak eta soilik orduan egin dezagun argazkia.
Ekimen kosmetikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu