Aste honetan egin dira Euskal Herriko Unibertsitatean errektorea aukeratzeko hauteskundeak. Euskal Herriko Unibertsitatea, EHU, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen unibertsitate publiko bakarra da, eta estatus horrek zehaztu eta mugatzen ditu bere ezaugarriak. EHU ez da enpresa-multzo bati edo gizarte-arlo jakin bati lotutako unibertsitatea, ez, gizarte osoari begiratzen dion unibertsitatea da. Horrek zera esan nahi du, ez da arlo jakin batean aritzen den unibertsitatea, jakintzarlo guztiak ukitzen dituena baizik. Eta zaila da horrelako erakunde handi, zabal eta plural batean denok ados jartzea. Nire ikasle garaitik hona, unibertsitatean aldaketa oso sakonak ezagutu ditut. Irakasleon zeregina zeharo aldatu da urte hauetan zehar, garai bateko «sermoilarien» aurrean, gaur beste jarrera bat, beste irakaskuntza-modu bat, eskatzen zaio irakasleriari. Eta horrek, paperean hain sinplea dirudienak, esfortzu handia eskatu die irakasleei. Ez da nahikoa zure jakintzagaia ongi menperatzea, ikasleak ikasketa-prozesuan modu aktiboan aritzea lortu behar du irakasleak. Irakasle asko horretan trebatu dira urte hauetan zehar, eta eskertzekoa da egin duten ahalegina. Bestalde, irakasleek irakasteaz gain ikertu egin behar dute. Etengabe entzuten dugu unibertsitate hau edo bestea nazioarteko ranking-etan halako postuan dagoela, eta badirudi Damocles-en ezpata gure gainean dugula uneoro. Jakintzarlo askotariko unibertsitatea izateak egiten den ikerketa ere modu askotakoa izatea dakar ondorio. Badira tradizioz ikerketa egiten ohituta dauden jakintzarloak, eta beste batzuk aldiz ohitura hori urte hauetan zehar jorratzen hasi behar izan dutenak. Gainera etengabe unibertsitateak gizarteak eskatzen dizkion erronkei erantzun behar diela entzuten dugu. Ikerketa aplikatua goresten da, eta badirudi oinarrizko ikerketa joan den mendean egiten zen ariketa zaharkitua dela, eta hori ez da horrela, oinarrizko ikerketarik gabe ez goaz inora. Gizarteak unibertsitatean inbertitzen duena bueltan datorkio, inbertsio probetxugarria da.
Bestalde, kalitateak inguratzen gaitu. Gaur egun ezinezkoa da neurtzen, balioztatzen ez den unibertsitate bat izatea. Eta horrek, egiten den guztia akreditatu behar izatea dakar berarekin. Honen inguruan unibertsitatean sortu den burokrazia beldurgarri hazi da, eta munstro bilakatu da askotan. Sarritan burokraziak agintzen dituen bidezidor ilunetan zehar, unibertsitatearen zeregina ahaztu egiten da, eta garrantzitsuagoa dirudi edukinontziak edukia bera baino.
Ikasleen ikuspuntutik ikasketa-modua aktiboa izateak lan gehiago eskatzen die, eta askotan ez daude horrekin oso konforme. Gainera ezin ahaztu guregana datozenak euren azkenengo batxilergoko bi urteetan azterketa batzuetan (Unibertsitatera Sartzeko Probak) ahalik eta nota altuena lortzeko trebatu dituztela; hor ez dago ikasketa-modu aktiborik. Ikasketak graduko eta graduondokoetan banatu zirenetik, graduondokoan ordaindu beharreko matrikulaz kexu dira, baina masterretan jasotzen den espezializazioa eta ikasle kopurua ere kontuan hartu behar da.
Irakasle, ikertzaile eta ikasleei Administrazio eta Zerbitzuetako langileak gehitzen badizkiegu, honek Erkidegoko enpresa handienetako batean bihurtzen du EHU, ez langile kopuruaren aldetik bakarrik, bertatik sortzen den jakinduria, produktu kualifikatu eta gradudun eta doktoreengatik baizik. Eta hau horrela izan da, askotan ez dut uste gizarteak behar bezala baloratzen duenik bere unibertsitate publikoa.
EHU guztion unibertsitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu