Sanchezi buruz ari gara, joan den ostiralean astindu gintuen kasuaz. Adierazpen askatasuna defendatzen dugu, baita gustuko ez ditugun adierazpenak egiten direnean ere. Askatasun horrek iritzi arrazoituetan eta kontrastatutako datuetan oinarritutako ideiak adierazteko erantzukizuna dakar berekin, eta ez litzateke hedatu behar nahita egindako desinformaziora, ez eta pertsona-kategoriei egindako irainetara ere, sexua, generoa, arraza, erlijioa, egoera eta abar kontuan hartuta. Baina «iritzi» horiek (hobeto esanda, irainak) eremu publikoan gertatzen direnean, eta zuzenean artatu behar diren ikasleei buruzkoak direnean, beste maila batean kokatzen dira. Lan-zuzenbidearen eta gizarte-segurantzaren esparrua bezain gizakoi eta sentikorra den jakintza arlo batean irakasteak ardura berezia dakar. Ikasgela osatzen duten ikasleekiko gutxieneko errespetu eta profesionaltasuna espero da.
Gauzak honela, aztertzen ari garen kasuak adierazpen-askatasunaren oinarrizko eskubideari eta eskubide horren mugei buruzko eztabaida gainditu egiten du. Adierazpen askatasunaren muga pertsonen ohorean eta duintasunerako eskubidean kokatzen dugu, eta oinarrizko eskubide izatetik gorroto-delitua izatera pasatu daiteke, delitu honen muga lausoak zeharkatzen direnean. Baina aurrean dugun egoerak beste eztabaida batera garamatza: ordezkapen-kontratu baten bidez —arloko irakaslearen amatasun-ordezkapenaren bidez— EHUra iritsi den irakasle baten lan-harremanaren eta irakaskuntza-betebeharren errespetuaren jokalekura, alegia.
Hori da gure unibertsitateak ebatzi behar duen alderdi nagusia: kontratua deuseztatu diezaioke betebeharrak ez betetzeagatik? Erantzuna ezin da berehalakoa izan, behin betiko ebazpen judiziala eman arte itxaron beharko baita, baina unibertsitateak kontratua berehala eten eta salatu beharko luke; izan ere, sare sozialetan argitaratutako jarrerak iraingarriak eta mingarriak dira. Kontratuaren xede den kolektiboa, 301 taldeko ikasleak, eta hauek pertsona gisa duten duintasuna errespetatuko duen unibertsitate-prestakuntza jasotzeko eskubidea zuzenean baldintzatzen dituzte sareetan argitaratutako mezuek. Gainera, ikasleak prestatzerakoan eta ebaluatzerakoan irakasleak duen inpartzialtasunari eta neutraltasunari buruzko arrazoizko zalantzak sortzen dituzte instantzia akademikoetan.
Halaber, Zuzenbide Fakultateko (Leioako atala) 301 taldeko ikasleen erantzunean jarri da arreta mediatikoa, kasu batzuetan desitxuratuz eraso-kutsua izan balute bezala. Arreta beste nonbait jarri behar da. Ikasturteko ordezkariak argitu du alderdi hori nahikoa datu emanez eta gure unibertsitate-prestakuntzaren kalitateaz harro sentiarazten gaituen gaitasun eta sendotasunarekin argudioak harilkatuz. 301 taldeko ikasleek itzuli digute Sanchez irakasleak kendu digun izen ona, EHUn doktoregoa erdietsi duen irakasle honek ez baikaitu ordezkatzen, eta antipodetan dago unibertsitateko kolektibo guztiak zainduko dituen bikaintasunezko unibertsitate gisa ulertzen dugunetik.