EHko lurraldea antolatzeko aukerak

BERRIA.
2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Egon badaude. Berritasun politiko interesgarria daukagulako Nafarroa Garaian, eta zantzu oneko berritasun administratiboa Ipar Euskal Herrian. Biak zukutu beharko genituzke, Euskal Herri osoaren lurralde-antolamenduaren ikuspegitik ere. Txikitua gaituen banaketa administratiboa gainditzen saiatuz. Horretarako, nazio-ikuspegiko bi egitura indartsu behar ditugu, gutxienez: behetik gora gertutasunez lan egingo duen udalen partzuergo bat (hirigintza bereziki udalen eskumena delako), eta goitik behera, eta nazioartera begira, modu integralean arituko den eskualdeen beste partzuergo bat. Lehena badugu jadanik, Udalbiltza, hirigintzaren alorrean dagoeneko proiektuak egiten hasi dena (Gasteizen, Zaldibian); bigarrena, ordea, oraindik sortzeko dagoen euroeskualde bat izan liteke; dagoeneko martxan den euroeskualdean sekulako lurralde-desoreka dagoelako Euskal Herriaren tamaina proportzionalki txikiaren eta Akitania Berriaren zabaltasunaren artean —Limoges edo Poitiers bezalako hiri urrunek zerikusi gutxi dute gure bizi-eremuarekin—. Euskal Elkargo berriaren sorrerak atea ireki dio euroeskualde homogeneoago eta zentzudunago bati, Euskal Euroeskualdeari, egungo banaketa administratiboarekin bateragarri izan litekeena, Estatu independente bat eraiki bitartean.

Euskal Euroeskualdeak lurralde-erronka handiak edukiko lituzke mahai gainean. Hasteko, lurralde-desoreka nabarmenak gainditzea, kostalde gero eta dentsoago baten eta barnealde gero eta hustuago baten artean (Araban, Nafarroan eta Zuberoan), eta zerbitzu eta inbertsio gehienak berenganatzen dituzten hiriburuen eta lurralde-ostrazismora kondenatuta dirudien landa-eremuaren artean. Egoera horren aurrean, eredu zentroaniztun baten alde egitea lurralde-kohesiorako aukera egokia izan daiteke, baina soilik hiriburu handiegien hazkundea mugatzen bada, bereziki haien orbitako aldirien suburbanizazioari dagokionez —hirigintza-arazo larria, Bilboaldean zein Baionaldean—. Lurraldean ere isla duen eredu ekonomikoa birbideratu beharko litzateke, ezin izango baikara soilik bizi zerbitzuen hirugarren sektoretik eta ezagutzaren eta sormenaren laugarren sektoretik: nekazaritza, abeltzaintza eta industria ere —ekologikoagoak, espezializatuagoak, nahi bada— behar-beharrezkoak ditugu, aldaketa klimatikoan gako diren inportazioak gutxitzeko, garapen ahalik eta endogenoena helburu.

Baina dena ezin da aldi berean lortu. Lurralde-erabaki guztiak ez dira bateragarriak, antolamenduaren establishment-ak sinetsarazi nahi digunaren aurka. Biodibertsitateak zein lehen sektoreak lursail zabalak behar dituzte, eta hazkunde ekonomiko etengabean oinarritzen den eta indarrean dugun lurralde-eredurako energia- eta mugikortasun-azpiegiturek gure landa gero eta gehiago kutsatzen eta fragmentatzen dute, gehiegitan gutxi batzuen aberastasunaren mesedetan. Lurralde-antolamenduan gobernuen programa ideologikoa islatzen delako. Erabaki ekonomikoek, sozialek, anbientalek eta kulturalek aztarna fisikoak uzten dituzte lurraldean. Jabetu gaitezen behingoz: geure auzo eta eskualdeen antolamendu espaziala funtsezkoa da burujabetzarako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.