Gasteizen hazi nintzen, familia erdaldun batean, auzo erdaldun batean. Gehiengoak egin bezala, B ereduko eskola publiko batean sartu ninduten.
Gogoratzen dut behin irakasleak mapa sorta baten bidez Arabako euskararen bilakaera historikoa erakutsi zigula. Mapaz mapa beltzez markatutako euskararen eremua ia desagertu arte txikitzen zen, azken mapara iritsi arte, non joera irauli eta kolore beltzak lurralde osoa hartzen zuen. Irakasleak biziberritzearen azken mapa hori berri on gisa aurkeztu zigun. Nik, ordea, pentsatu nuen: zergatik da berri ona? Zertarako ibilbide natural baten kontra egin? Guk orain irakasgai bat gehiago izateko?
Beste batean Donibane Garazira egun batzuetako txangoa egitera eraman gintuzten. Begiraleekin euskaraz egiten genuen, baina kalera atera bezain laster guztion bulkada jendeari frantsesez hitz egiten hastea zen, elkarri presaka irakatsi genizkion frantsesezko lau berba traketsak erabiliz (peer mentoring espontaneoa, edozein irakasleren ametsa). Ez dakit zergatik egin genuen hori, ziur aski gure Gasteizko esperientzia estrapolatuz, euskara eskolan bakarrik existitzen zela uste genuelako.
Korrikako ospakizunak ere gogoratzen ditut, gehien gogaitzen ninduten bi gauzak batzen zituzten ekimen horiek: euskara eta bareak gogor heldu arte korrika egitea.
Burua estutu arren, ez dut gogoan bestelako heziketa soziolinguistikorik jaso ote genuen Lehen Hezkuntzan. Bigarren Hezkuntzan, aldiz, ez dut bat ere gogoratzen.
Badakigu euskara maila duina transmititzeko ere eskolak bakarrik ezin duela, gurasoen eta besteen inplikazioa ere behar-beharrezkoa dela. Baina erronka hori txikia ez balitz bezala, uste dut hizkuntza gaitasunak lantzeaz gain, soziolinguistika irakaspenek ere leku nabarmena eduki behar dutela hezkuntza prozesuan, bai eskolan edo handik kanpo. Ikasle gazteek inolako heziketa soziolinguistikorik jaso ezean, alteritatea landu ezean, euskara gutxitzen duen gizarteak euskararekiko gutxiespena transmitituko die ezinbestean, matxismoa, arrazakeria eta beste transmititzen dituen bezala.
Euskararen hezkuntzak hizkuntza gutxitua izatearen dimentsioa zertan datzan azaldu eta eztabaidatu behar du. Zertarako irakatsi euskara, bestela, erdara nagusi den eremuetako gazteei? Inkestetan «euskaldunen» eta «euskaldun hartzaileen» kopuruek gora egingo dute, bai, baina euskararekiko indiferentziaren, frustrazioaren eta mespretxuaren zenbakiek ere bai.
Badakit hainbat ikastetxetan hala egiten dela, baina azkenaldian Gasteizko belaunaldi gazteetako hiztun berriekin solasean ibili naiz eta nire haurtzaroko gaitzak oraindik ere erreproduzitzen direla ikusi dudanean, amorrazioz pentsatu dut: «Oraindik?».