Onintza Enbeita

Zergak

2024ko abuztuaren 6a
05:00
Entzun

EAEko enpresa nagusitzat dauzkagun askok ez dute Sozietateen Zergarik ordaintzen. Ez dut nik asmatu. Azken urteetan behin eta berriro suertatu zaidan titularra da. Ordea, herritar xumeok gara urtero iruzur fiskalaren gaineko aholku, lezio eta errietak jasan behar ditugunak. Gure txakur txikiak deklaratzera deitzen gaituztenean azken xentimoraino begiratzen digute. Eta erantzun txar bat ematen baduzu, ezin dituzulako desesperazioa eta presioa jasan, laster esaten dizute zergak ordaindu egin behar direla. Ados. Zergak ordaindu egin behar dira; baina nork ordaindu behar ditu? Eta zertarako ordaindu behar ditugu? Bigarren galderaren erantzuna demagogikoa bezain erreala da: nik nahiko nuke guztion onerako ordaintzen omen dudan diru hori guztiontzat onak diren gauzetan inbertitzea. Gustatuko litzaidake pentsatzea hiru hilabetean behin burua lehertzen didaten paper eta zenbakiek osasun sistema publikoa ez izorratzen lagunduko dutela, baina ez da horrela. «Ordaindu egin behar duzu», esaten digute: «Izan zaitez herritar zintzoa». Eta inork erabili nahi ez dituen autobideak eraikitzen dituzte gero.

Dena den, amorru handiagoa ematen dit, gogaitzen gaituzten bezala gogaituta, benetan ordaindu behar luketenei ezer ez esateak. Ez niri esan ogasun sailek ez dakitenik zein enpresak izan dituzten ze irabazi, eta ez duten behar luketen lekuan ezer ordaintzen. Egunkarietan argitaratzen dute haien irabazien berri, baina leku gutxitan esaten digute nola ez duten sozietateen zergarik ordaintzen, edo ez dakit zenbat zor diotela ogasunari. Eta ogasunak beste aldera begiratzen du. Hori bai, Ticket Bai jartzera derrigortu nahi gaituzte azoketan eta txosnetan. Horrekin iruzur fiskalaren kontra zerbait egiten duten ideia zabaldu nahiko dute, baina bitartean, haien lagunek jarraitzen dute poltsikoak ezer ordaindu gabe betetzen. Gertatzen diren gaitz guztien errua bota nahi digute herritar xumeoi, baina ez gaitzatela engaina. Hemen arazoa ez da bertso saio bat beltzean kobratzea. Hemen dirua falta bada, falta da inora ez doazen azpiegitura handiak esleitzen zaizkielako betikoei, eta gero betiko horiek ez dutelako behar luketena ordaintzen, baina berriro ere gure diruarekin ordainduko diren obra erraldoiak esleitzen zaizkie eta berriro ere ezer ordaindu gabe libratzen dira. Eta horrela etengabe.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.