Esfortzua eta konpromisoa eskatzen dizkiogu jendeari. Baserriko produktuak erosteko denda jakin batzuetara joan behar dute, edo gure lokalera, edo astelehen goizean autoa non utzi ondo pentsatuta etorri behar dute azokara, edo etxera etorri behar dute eta gu ezin gara beti jendea noiz etorriko zain egon. Edozein supermerkatutara joatera ohituta dagoen jendeak baino esfortzu handiagoa egin behar du edozein kontsumitzailek bertan ekoitzitako produktuak zuzenean erosteko. Izan ere, bestea erraza da. Edozein ordutan joan, atean aparkatu, orga hartu, sartu, nahi duzun guztia erosi zer urte sasoitan zauden erreparatu gabe, ordaindu eta etxera. Ordutegi zabala izaten dute, eta lehen orduan ez bazara iristen berdin dio, azken ordurako berriro ere betetzen dituzte apalak. Ez duzu inorekin haserretu beharrik izango tomaterik onenak harrapatu dizkizulako. Pentsatzen jartzen naizenean, askotan pentsatzen dut geuk ere hori egin behar genukeela. Utzi dena dagoen moduan, eta supermerkatura joaten hasi. Urtearen amaieran gutxi izango lirateke gure falta igarriko luketenak.
Jendeak guri erosteko egiten duen esfortzua kontuan izanda ere, kexatu egiten gara batzuetan. Udan denak oporretara doazenean salmentarako antolakuntza berreraiki egin behar izaten dugu, eta hor ibiltzen gara tartean maldizioren bat edo beste botaz. Baina gero deitzen digute bezeroek jaietan familia etorriko zaielako etxera edo pentsatu baino arrautza gehiago beharko dituztelako aste honetan edo oporretara eramateko tomateak behar dituztelako eta halako poz bat sentitzen dugu. Antolatzen ditugu hitzorduak eta egiten dugu banaketa ahal dugunik ondoen. Eta irribarre batez itxaroten gaituzte etxepeko biribilgunean, edo ez dakit zein kafetegitako atean, edo estankoan uzten diegu behar dutena eta Whatsappetik eskerrak eta muxuak bidaltzen dizkigute.
Momentu horretan pentsatzen duzu baietz, haien esfortzuak eta zuenak, biek merezi dutela. Eta ahazten zaizkizu euri langarra, gehiegizko beroa, euli zuria, gorrina, tuta, lehortea, gerriko mina, belar txarrak eta diren gaitz guztiak, eta negurako plana egiten hasten zara: prestatzen duzu lekua ziazerbentzat eta zerbentzat, eta goxatzen duzu lurra azalorearentzat, erosten dituzu ereiteko baratxuriak eta begiratzen diozu uztailean sartutako porruari. Eta pentsatzen duzu ez duela merezi lurrarekin harreman hori galtzea.