Julen Azcona

Taylor Swift eta neskaren kulturaren mendekua

2024ko abuztuaren 14a
05:00
Entzun

Txikia nintzenean, gauzak neskentzat ala mutilentzat ziren. Mutilen gauzak onak ziren. Sariak bereganatzen zituzten. Albistegietan minutu pila okupatzen zuten. Jendeak serio zirudien mutilen gauzei buruz hitz egiten zuenean. Gauza asko sartzen zen mutilen gauzen multzoan, baina guztietatik garrantzitsuena futbola zen. Pasioak pizten zituen, borrokak, jendearen haserreak. Futbola lan bat zen. Diru mordoa mugitzen zuen. Ez zen soilik kirol bat, ez jolas bat, ezta tontakeria bat ere. Hori esateak besteen barrea sor zezakeen. Edo aurreiritziz betetako isiltasuna. Susmoak. Errezeloak. Mutila bazina eta futbola ez bazenuen maite, talderik txarrenean erortzeko arriskuan zeunden: nesken gauzen taldean. Nesken gauzak barregarriak ziren.

Egoera ez da guztiz aldatu, baina pixka bat bai. Azken urteetan, feminismoa kultura nagusian sartu da eta, pixkanaka, «nesken gauzek» espazio kultural, politiko, ekonomiko eta soziala bereganatu dute. Aurten, neskaren kulturaren gailurra Taylor Swift artista estatubatuarraren The Eras Tour nazioarteko bira musikala izan da. Espainian emandako bi kontzertuetara bertaratutakoen artean, portzentaje handi bat emakumeak eta neska gazteak izan dira. Sinbolikoa izan da ekitaldia Madrilgo Santiago Bernabeu futbol estadioan ospatu izana: soilik ordu batzuetan, swiftie-ek mutilen esparrua bereganatu zuten, txikitan mutilek eskolako patioa futbolarekin egiten zuten bezala, neskei bazterrak utziz, han eseri eta nesken gauzei buruz hitz egin zezaten.

Taylor Swiften fama interesgarria da patioan eserita geratzen zen neska pertsonifikatu, duindu eta irudikatzen duelako eta, aldi berean, munduko artistarik entzunenetako bat delako. Masa-kultura da, baina bere abestiek mendeku-puntu bat dute, neskaren kulturaz barre egiten zuten mutil krudelen aurka. Swiftek ironiarekin emakumeen amorrua ospatzen du, historikoki histeria, eromena eta sorginkeriarekin lotu izan dena. Hona hemen adibide batzuk: Blank Space, I Did Something Bad, The Man, Mad Woman, Who’s Afraid of Little Old Me? 60.000 lagun baino gehiagoko ikusleria baten aurrean, artistak bere entzuleei oihukatzen die ez daudela ero, gizonen biolentziarengatik haserrea eta etsipena sentitzeko eskubidea dutela, eta patioaren bazterretan gertatzen ziren elkarrizketa sekretuak garrantzitsuak zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.