Julen Azcona

Sekretua

2024ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun

Joan den larunbat goizean jarduera bat iragarri zuten sare sozialetan: Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak Bertsondare izeneko bertso saioa antolatua zuen Lizarran, baina kartelean aipatzen zen tokia guztiz ezezaguna zen bertakoentzat: «Julio Caro Baroja» Nafarroako Museo Etnologikoa.

Kokagunea Google Mapsen begiratu behar izan nuen: Interneten arabera, ustezko museo hori pabiloi industrial batean zegoen, supermerkatu, kontzesionario, tailer eta altzari denden artean ezkutatuta. Arraroa da Lizarran, 14.000 biztanle baino gutxiago dituen hiri txiki honetan, oraindik ezagutzen ez ditugun lekuak egotea; are gehiago, leku hori Nafarroako museo garrantzitsu bat bada, ustez.

Hainbat lagun gerturatu ginen leku misteriotsu hartara, bertso batzuk gozatzeko aitzakiarekin. Iristean, han zeuden Saioa Alkaiza eta Julio Soto bertsolari nafarrak, gu bezain ikusmin, gu bezain galduta. Lekua ez zen oso ederra: funtsean, biltegi bat, besterik ez. Lekuaren arduradunen arabera, 16.000 pieza baino gehiago omen daude, Nafarroako gizartearen «iragan hurbileko bizimodu, jarduera ekonomiko eta sinesmenak erakusten dituzten» objektu zaharrak. Ondasunak ongi identifikatuta, kontserbatuta eta sailkatuta daude, baina ez doaz inora. Ez daude ikusgai. Museoa ez da museoa.

Instalazio horietan egin genuen bisita: sarrera, liburutegia, argazki erakusketa txiki bat (hori bai, ostegunetan bisitatu daitekeena) eta, azkenean, biltegiak. Hor zegoen onena (gurdiak, zurezko neurgailuak, sutondoak, ontziak, harrizko moldeak), eta orduan hasi zen magia. Hitz, metrika eta melodien bitartez, Alkaizak eta Sotok hainbat gai proposatu zizkiguten: zertarako balio du museo batek? Eta zein da horrelako leku baten helburua, gordetzen duen ondarea herriarekin partekatzea baino?

Guztion artean, bertsoz bertso, imajinatzen hasi ginen nola izango litzatekeen gauza eder horiek guztiak ikusgai egongo balira, herritar guztion eskura, doan. Ekintzaren amaieran, etxera bueltatu ginen, sentsazio gazi-gozo batekin. Izan ere, orain bagenekien besteek ez zekiten zerbait, baina, aldi berean, leku misteriotsu horren ateak ixtean, sekretua berriz ere ezkutatuko zen, gu bezala leku hau kasualitatez aurkituko duten bisitarien zain; tokiak biltegi izateari utzi eta jaio zeneko zertarakoa beteko duen egunaren zain; museoa museo izango den egunaren zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.