Badira munduan soinu batzuk gorputzean oihartzun bereziak sortzen dituztenak: hautsezko txalaparta bat, berehalako nostalgia, haurtzarorako deia, dena ongi egongo delako promesa inozoa. Musikaz ari naiz, musika zehatz bat, ez edozein kanta: txikitan gurasoek behin eta berriz jartzen zizkiguten abestiak. Sentsazioa arraroa da, bat-batekoa: noizbait emozioak, irudiak, hitzak eta usainak haurtzaroaren garun formatiboan itsatsi zitzaizkigun eta orain munduak atzeraka bueltak ematen ditu musika hori loratzen den guztietan.
Oihartzuna desberdina da belaunaldi bakoitzarentzat. Nire kasuan, 90eko hamarkadaren amaieran etxeko irrati-kasetean genituen diskoak dira: Mercedes Sosaren 30 años, Benito Lertxundiren Auhen Sinfonikoa, Alejandro Sanzen Más, Ana Belén eta Victor Manuelen Mucho más que dos, Oskorriren Marijane Kanta Zan. Nire zatitxo txikiak aurkitu daitezke horietan guztietan.
Bidaietan, horietako batek bereziki jotzen nau. Garai hartan, kotxean ez genuen diskoak entzuteko tresnarik, soilik kaseteak, eta bazegoen behin eta berriz jartzen genuen kopia pirata bat, azala koaderno baten paper koadrodunarekin egina zegoena, boligrafo batekin eta pegatina ugarirekin dotore-dotore apaindua. El viaje de Copperpot zuen izena, eta 2000n La Oreja de Van Goghek argitaratu zuen, bost urte besterik ez nituenean.
Orain, bidaia luze bat egiten dudanean, Spotify-en disko hori entzutearen esperimentua egiten dut, eta nire aurrean agertzen dira garai hartako errepide nazionalak (orduan Nafarroan oraindik ez ziren autobia guztiak eraiki), aitaren silueta, amaren ahotsa, arrebaren irribarrea. Dena bihurtzen da oroimin, dena oihartzun, gauza bitxi bat gertatzen den arte: bederatzigarren abestian, modu bortitzean, déjà vu sentsazioa izorratu eta errepideak eta gurasoak eta arreba ikusteari uzten diot, ez ditut usainak ezagutzen, ezta kotxearen eserlekuaren leuntasuna ere. Orduan gogoratzen dut: kasete piratari buelta eman behar zitzaion, eta B aldea diskoaren azken abestira joaten zen zuzenean, hiru abesti osorik salto eginez. Azken kantan, beraz, lasai hartzen dut arnasa, itzultzen baita nostalgiaren txalaparta, eta ulertzen dudalako nire oihartzunak analogikoak direla; ez dutela denboraren proba gainditzen, ezta streamingarena ere.