Supermerkatuko orgatxoa hartu, eta ananen bila omen dabil jendea. Gehien harritzen nauena ez da ekintza bera; larriena halako txatxukeria albiste izatera iritsi izana da. Ligatu nahi baduzu, supermerkatu jakin batera joan behar omen duzu, eta anana bat hartu hango fruten artean. Anana hori buruz behera jartzen baduzu, jendeak ulertuko du norbait gustukoaren bila zabiltzala eta ardoak dauden korridorera joan behar duzu gero. Han, anana buruz behera daukan jendeari begiratu eta norbait gustatzen bazaizu, zure orgatxoarekin berea jo behar omen duzu. Eta hori ei da ligatzeko sistema berria. Eta hor dira telebistan eta sare sozialetan eta egunkarietan eta leku guztietan supermerkatu jakin bateko izena esan eta esan. Errepikatu eta errepikatu. Kasualitatez, kasualitate hutsez, eskuin muturreko diskurtsoa daukan norbaiten supermerkatua da denen ahotan modu hain sinpatikoan dabilena. Berez ez du propaganda handirik behar, baina hara: orain ligatzeko aukera ere eman egiten du. Ez dakit konturatzen garen gauza txikiek egiten duten kalte handiaz. Badakit barre egiteko anekdota bat dela edo izan daitekeela ananen kontua, baina derrigor egin behar dugu delako supermerkatuaz berba? Izan ere, nik lagunei esaten diedanean bertara ez joateko, jabea faxista hutsa delako, arraro begiratzen didate. Esaten didate genero ona dagoela, bakoitzak ahal duena egiten duela bere soldatarekin... eta isildu egiten naiz. Egia da: ulertzen dut badela zentimo bakoitza zainduta erosi behar duen jendea. Hau ez da beharrezkoa, ordea. Ez dago inolako beharrik honetarako. Asmatu beste antzerako teknika bat eta egin ezazue beste supermerkatu batean. Ez da askoz hobea izango lekuan lekuko produktuei ematen dien tratuan, baina behintzat ez gara eskuin muturrari diru gehiago ematen egongo.
Gerra asko galtzen ditugu gaizki ulertutako umorearen, bizi beharraren, beti borrokan ibili ezinaren eta ez dakit zenbat gauzaren izenean. Gauza batzuetan, ordea, izan behar genuke ipar argiago bat edo kontzientzia handiagoa. Ispiluaren aurrean jarri eta geure buruari esan behar genioke leku jakin batzuetara joan baino hobe dela ez ligatzea. Azken batean, hori ere gainbaloratuta dago. Ligatzea ederra da eta haren ondorioz oraindik eta gauza ederragoak gertatzen dira, baina ez genituzke gauzak edozein preziotan egin behar. Modak baino ez dira. Ea hau azkar pasatzen den.