Araba, Bizkai eta Gipuzkoako umoristak biltzen dituen konfederazioa, Confebask, aspalditik kezkatuta omen dago lurralde horietan lan munduko arazo nagusietako bat absentismoa delakoan, eta hala gogorarazten digute aukera daukaten bakoitzean. Nik, inozo honek, hasieran uste nuen absentismoa lanera ez joatea erabakitzea zela, inolako aitzakiarik edo lotsa izpirik gabe. Izugarri alaitu nintzen: «Aupa Euskal Herriko pikaroak!». Baina ez. Antza, absentismoa aipatzen dutenean bajak, guraso baimenak, ordu sindikalak, eta beste ere kontuan hartzen dituzte. Aitortzen dut, prentsaurreko batean Confebaskeko norbait noiz aterako zain nago, irribarre burlati batekin begia keinatu eta esateko: «Ezetz! Tira, orain serio».
EAEko %8,4ko absentismo tasa handiegia baldin bada, jakin nahiko nuke zer ondorio ekarriko lukeen gizartera zenbaki hori txikitzeak, batez ere kontuan izaten badugu zenbateko absentismoa dagoen Frantzia (%18,1) eta Suedia (%16,2) bezalako herrialdeetan alde batetik, eta Errumania (%2,5) eta Bulgaria (%4,4) bezalakoetan bestetik.
Dena den, absentismo kasuen erdiak baino nabarmen gehiago osasun arrazoiengatik hartutako bajak direla ikusita, orduan esan dezaket tasa hori jaitsi nahiko lukeen jende asko ikusten dudala nire inguruan, Confebasken antzera. Ez dira enpresariak, ez, baizik eta lanak osasun arazo larriak eragiten dizkion jendea. Arazo fisikoak, eta mentalak ere bai: etengabeko estres egoerak, urteetan zehar gorputza fisikoki agortzera eramaten dituenak, baita antsietate eta depresio egoeretara ere.
Estres horrek guztiak lan baldintza prekarioak ditu sorburu, lan finkoa izaten dugunean ere: nahikoa ez irabaztea, lana galtzeko beldurra, lana eta bizitza pertsonala ezin bateratzea, eguneroko baldintzak kontrolatu ezin izatea, gehiegikeriatik defendatu ezin izatea, sindikatzeko ahalmenik ez izatea, fisikoki kaltegarriak diren lanak egitea edota sozialki deslegitimatutako lanak...
Barre egitea osasunerako ona den heinean, ezin naiz Confebask eta haien kidekoekin oso haserre egon: algara ateratzen didate irratian entzuten ditudan bakoitzean. Txiste txarren unea bukatzen denean, ordea, neure buruari galdetzen diot zenbat denbora gehiagoz utziko diegun jendearen osasunaren eta bizitzen kontura umorea egiten.