Artea sortzen dutenek badakite: eztabaida sozialaren azalera gainditzeko istilu bat behar da. Uda eta olinpiadekin lokartuak daudenak esnatzen dituen probokazioa. Soilik horrela du kulturak lehen lerroa indarrez okupatzeko aukera. Bat-batean, abisatu gabe, artea arriskutsua bilakatu daiteke: jendea oroitzen da zergatik izan den beti boterearen etsai eta zentsura guztien erdigune. Polemikak gizartea astintzen du, talde baten ideiak desmuntatuz ala berretsiz.
Aste honetan, Raimundo El Canastero musika talde nafarrari tokatu zaio hedabideen atentzioa bereganatzea, Beef D’Alda protesta-abestiarengatik. Kantak Lizarrako —Raimundoren herriko— Udala kritikatzen du, gobernuan dagoen UPNk txosnak betiko lekutik kendu eta erabaki honek txosnen programa bertan behera uztea eragin duelako (herriko kolektibo, taberna eta denda ugari udalaren erabakiaren aurka agertu dira).
Beef D’Alda joan den asteartean zabaldu eta azkar-azkar Whatsapp taldeetan eta sare sozialetan birala egin zen. Raimundo El Canasteroren tankera denez gero, tokiko folklorea, herri-musika eta tradizioa uztartzen du trap, autotune eta beste egungo estiloekin. Eguneroko hizkuntza erabiltzen du, ironia eta adarjotze puntu batekin. Kritika politiko honen aurrean, Lizarrako alkatearen erreakzioa abestiaren interpretazio literala izan da: kondena politikoa osoko bilkura berezi batean eta taldearen kontrako salaketa penala.
Beef D’Alda Nafarroan ezaguna den beste abesti baten oinordekoa da, 2010ean La Chula Potra abeslariak Yolanda Barcinaren aurka (orduko Iruñeko alkatea) egindako La bofetada rap-a. Oraingoan bezala, orduan politikariak abestia salatu zuen, baina justiziak ez zion arrazoia eman: artistaren eta adierazpen-askatasunaren alde erabaki zuen, kritika politiko legitimo bat zela nabarmenduz. Beste kasu batzuk ez dira hain ongi amaitu: Pablo Hásel raperoa kondenatua izan zen monarkia iraintzeagatik. Beste batzuetan, berriz, horrelako iskanbilek artisten ibilbidea bultza dezakete, Samantha Hudson abeslariaren kasuan bezala: 2015ean, Elizak eskumikatu zuen erakundearen homofobia kritikatzen zuen abestiarengatik. Hortik aurrera, Samanthak karrera arrakastatsu bat hasi zuen.
Gertatzen dena gertatzen dela, itxaropentsua da abesti batek boterearen babak altxatzen jarraitzea, ez literaltasunetik, baizik eta metafora eta ironiaz. Azken finean, politikariak etorri eta joango dira. Artea, ordea, betirako da.