Ez dut nostalgia maite. Momenturik onena oraina dela sinestea gustatzen zait. Baina maiz pentsatzen dut 2000ko eta 2010eko hamarkadetan zehar ezagutu, maitatu eta (askotan) gorrotatzen genuen Internet goiztiar horrek bazeukala xarma polit bat, pixkanaka galtzen ari dena: sarean zegoen guztia pertsonek sortzen zuten. Edukia jendearena zen. Mugimendu herrikoi bat, inperfektua eta kaotikoa, baina benetakoa, gizatiarra. Google-n kontzeptu bat bilatzen bazenuen, bazegoen beti blog arraroren bat, non ezezagun batek bere ideiak partekatzen zituen: errezetak, argazkiak, bidaia-aholkuak, bitxikeriak. Desinformazioa ere bazegoen, noski. Saihetsezina zen, baina alde txar hori ere pertsonek sortzen zuten.
Egungo Internet desberdina da. Modan dagoen adimen artifiziala guztion artean sortu dugun mundu digital hori bereganatzen hasi da, ChatGPT bezalako tresnen bitartez. Enpresa handiak, AAk entrenatu behar dituzten aitzakiaren atzean, ezagutza zientifiko, sozial, politiko eta kulturalaren historia lapurtzen ari dira, egile-eskubideak errespetatu gabe.
Adibiderik garbiena Wikipedia da, mundu osoko boluntarioek eraikitako ezagutza katedrala. 2000ko hamarkadan, ez ginen asko fidatzen. Betiko entziklopedietan begiratzea aholkatzen ziguten. Orain, badakigu Wikipedia kalitatezko sistema konplexua dela. Egunero milaka pertsonak lan egiten dute, musu truk, kalitatezko informazioa emateko, iturri fidagarri eta kontrastatuetan oinarrituz.
Wikipedia bezalako webgune bat existitzeak utopia bat dirudi. ChatGPT-k segundo batean sareko informazio osoa miatu eta errepikatzen du, inongo berme akademiko eta zientifikorik gabe. Ironikoa da, noski, Wikipedia bezalako sistemei esker entrenatu dela. Beste modu batera esanda, gizaki batek sortutako eduki hori inongo baimenik gabe hartu eta, beraz, lapurtu duela —eta, galderaren erantzuna ez dakienean, maiz asmatzen saiatzen dela, emaitza barregarriak sortuz—. Paradoxa honen gailurra da AA berak sortu duen informazio antzu berarekin elikatzen denean: orduan desinformazioaren deformazioa dugu, izurrite bat bezala.
Ez dut nostalgia maite. Interneten aroan bizi gara eta ez dut atzera bueltatu nahi. Internet ez da gauza bakar bat, dena da, infinitua pantaila baten barruan, eta etengabe mutatzen ari da. Gure obligazioa da aldaketa horiek ardurarekin nabigatzea. Gure «Internet zaharra» —gizakiok sortu duguna— estimatu eta zaintzea.