Diego Pallés Lapuente.

Ingurura begiratzearen garrantzia

2024ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun

Gustuko dut jaietako txosnetan txandak egitea. Elkarte edo talde bati laguntzeko aukeraz gain, barraren bi aldeetan jende berriarekin aritzeak sozializazio-zaparrada ederra eskaintzen du urtean zehar jendearentzako arretan lan egiten ez dugunontzat.

Aurten ere horretan ibili naiz Euskal Herriko hiri batean —zeinaren izenaz ez baitut oroitu nahi—, elkarte euskaltzale bateko txosnan. Txanda egin bitartean, txosnako bezero eta boluntarioen artean adin askotako jendea ikus nezakeen, eta hori gustuko nuen, guztientzako leku erakargarri eta inklusibo batean egotearen sentsazio atsegina sortzen baitzidan. Halako batean, nirekin txandan ari zen lagun bat gogoeta batekin gerturatu zitzaidan: «Begira, badakigu hemen bizi garen guztiok ez garela Europan jaio. Orain begira ezazu gure ingurura, plazara». Hala egin nuen. «Inori hartu diozu urrutian jaio izanaren itxura?». Itxura fisikoak ez du inola ere jaiolekua markatzen, baina hala ere ingurune homogeneoegi batean nengoela ikusi nuen. Ezezkoa zen erantzuna. «Eta non daude? Argi eta garbi, haiek ere jaietan dabiltza, baina beste lekuren batean. Ez hemen».

Noski, agian kasualitate hutsa izan zen. Beharbada, gau hartako kontzertuak oso demografia mugatua erakarri zuen. Neurri batean, ordea, ez nintzen harritu, Euskal Herriko leku askotan giro euskaltzale batera hurbiltzeko ahalegin kontzientea egin behar da eta, jaietan ere bai. Noizbait entzun dut pertsona migratzaile bat euskarara hurbiltzen ez denean, egoera prekarioan bizi arren, hainbat zapalkuntza pairatu arren, pertsona horrek euskaldunekiko zapalkuntzan parte hartzen duela...

Baina diglosia, euskararen marjinazioa sustatzen duen gizarte batean bizi gara eta, beraz, ezin gara harritu hori gertatzen denean, ezta kanpotik etorri denari geure gizartearen ezaugarri baten errua leporatu ere. Gogoan izan behar dugu denok ez ditugula baliabide edo aukera berdinak euskarara hurbiltzeko. Ez naiz hizkuntza ikasteko baliabideez bakarrik ari —horrelakorik ematen denean—, askoz gehiago ere behar baita: funtsean, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko aukerak eskaini. Jarrera egokia ez da exijitzea, hurbiltzea eta elkarrekin lan egitea baizik, ahaleginak aldebikoa izan behar du eraginkorra eta aberasgarria izateko.

Gobernu eta enpresa handietatik urrun, argi dago herri mugimendu batek oso baliabide murritzak dituela horrelakorik egiteko, baina zorionez badaude aurtengo Berangoko jaien antzeko kasuak, non mendian agertu ziren pertsona migratzaile etxegabeekin batera jaietako programazio inklusiboa sortu duten, udalak jai herrikoi horiek boikotatzeko ahaleginak eta bi egin dituen arren. Bai jaietan, bai astegun burugorrietan, ingurura adi begiratzeko beharra dago aurrera egin nahi bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.