Diego Pallés Lapuente.

Gorrotoaren artisauak

2024ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun

Abuztu hasieratik hona gutxiengo sozialen aurkako bi gorroto kanpaina handi ikusten ari gara munduko bazter honetan. Biek ala biek oinarri bera dute: desinformazioa.

Bat: Imane Khelif aljeriar boxeolariaren aurkako olatu misoginoa eta transfoboa. Misoginoa, zeren eta Khelif emakume zisa dela ukatzeko, haren itxura fisikoan bakarrik oinarritu dira pertsona eta hedabide andana, Khelif feminitatearen kanonetik urruntzen omen dela nabarmenduz. Eta transfoboa, olatuak gezur transfobo indartsu bat elikatzeko asmoa duelako: pertsona transen onarpen soziala emakume zisen aurkako mehatxua dela dioen mitoa. Deshumanizazio kanpainaren ondorioz, egunero ikusi behar ditugu kirolari olinpikoaren sexu organoei, kromosomei eta hormonei buruzko espekulazio grotesko eta nazkagarriak. Ezinbestean nabarmendu behar da gorroto kanpainaren erdigunean eskuin muturra dagoela: boxeo borrokaldia hasi aurretik ere Italiako eskuin mutur instituzionalak buru-belarri ekin zion Khelifi buruzko desinformazioa zabaltzeari, eta mundu osoko ultraeskuindarrek gogotsu hartu dute lekukoa geroztik hona. Berdin du Khelif emakume zisa izateak, azkenaldiko kanpaina transfoborik indartsuena abiarazteko ez dute pertsona transik behar izan.

Eta bi: Erresuma Batuan zehar zabaldu diren istilu eta pogrom islamofoboak. Uztailaren 29an hiru neska gazte hil zituen erasoaren ustezko egilea ez da atzerrian jaioa eta ez dauka islamarekin harremanik, nahiz eta kontrakoa dioen eskuin muturrak zabaldutako desinformazioak. Desinformazio horren ondorioz, meskitak, etorkinak eta errefuxiatuak izan dira istiluen eta molotov koktelen jomuga, eta pertsona ugari ez dira beren etxe barruan ere seguru sentitzen.

Eskuin muturrak betidanik erabiltzen du desinformazioa bidegabekeriak eta desparekotasun sozialak sortutako amorruak gizarteko kiderik zaurgarrienen aurka desbideratzeko. Zergatik izan du aipatutako kasuetan horrenbesteko arrakasta, ordea? Mendebaldeko Europako jende ugarik aspaldi-aspalditik normalizatu dituelako mezu transfobo, xenofobo eta islamofoboak, horiek ia egunero entzutearen bidez, eta, horren ondorioz, gorroto jarrerak publikoki erakusteko zilegitasuna sentitzen du. Normalizazio horren atzean, aldiz, ez da eskuin muturra egon, baizik eta masa hedabide eta alderdi handietako politikari asko, azken urteetan zehar diskurtso horiek onargarri bihurtu baitituzte. Edozein borroka antifaxistak haien bazterkeriaren diskurtsoak eta desparekotasunaren politikak izan behar ditu jomugan nahitaez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.