Lizarratik Madrilerako autobusa hartzen dudan guztietan, Nafarroako herri txiki batetik igaro eta grafiti bera ikusten dut geltokiaren ondoan. Jatetxe bateko adreiluzko horman dago, nahiko altu, inork ukitu ez dezan. Mutil gazte baten erretratua da: handikotea, zapi beltza buruan, mantal zuria, eta plater bat prestatzen ari da. Auto-istripu batean herritik kilometro gutxira hil zen bizilagun baten oroimenez egin dute margolana. Istorioa ezagutzen dut, nahiz eta herrikoa ez izan eta hemen inork ezagutzen ez nauen. Isilean, beti emozio batek hartzen nau.
Ia sei urte pasatu dira ezbeharra gertatu zenetik. Mutilak 24 urte besterik ez zituen —nire orduko adin berbera— eta sukaldaria zen herriko jatetxean. Ni orduan tokiko kazetaria nintzen. Gabonak gertu zeuden: lankide guztiak oporretan, ni izan ezik. Goizean goiz, nagusiaren deia jaso eta odola izoztu zitzaidan. Ez zen lehen aldia, baina enbarazu bat izaten da beti zorigaiztoaren lekura gerturatu behar izatea: auto suntsituaren argazkiak atera, bizilagunen bizitzak moztu, haiekin mintzatu eta galdera deserosoak egin.
Gaztearen lagunak azkar aurkitu nituen. Elkarrekin zeuden, plazan, mina partekatzen. Kaixo lotsati batekin dolumina adierazi eta nire lana zein zen azaldu nien: albistea errespetuarekin idatziko nuela, ikuspegia ez zela sentsazionalista izango, baina irakurleak hurrengo egunean gertakizunaz interesatuko zirela eta ongi legokeela, gutxienez, maite zutenek haren bizitzaren deskribapen txiki bat egitea, dolu kolektibo baten modura.
Ulertu zidaten. Gazteari buruzko detaileak azaldu eta nik diskrezioz apuntatu nituen. Hurrengo egunean artikulua argitaratu zen eta Gabonetako oporrak hartu nituen. Handik gutxira kontratua amaitu zitzaidan. Lekuz aldatu nintzen, kazetaritza utzi nuen bolada batez, ez diot horrelako egoera bortitz bati berriro aurre egin behar izan. Herrian, gaztearen omenezko pintura berandu antzeman nuen, eta ikustean arima uzkurtu zitzaidan.
Orain, hilean bitan ondotik pasatu eta begiratzen geratzen naiz autobusa gelditzen den denbora: mutilak itxura handikotea mantentzen du, zapi beltza, sukaldariaren mantal zuria. Elkar agurtzen dugu, adiskideak bezala, isilik, biok baitakigu erretratu horrek izan ginen eta jada ez garen zerbait gordetzen duela, 24 urterekin gauzak ongi egiten saiatu ginen garaia.