Diego Pallés Lapuente.

Etxebizitza duina eta beste misterio ulergaitz batzuk

2024ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun

Umetan, aitona-amonen etxean denbora luze eman ohi nuen egunero, ama lanean zen bitartean. Espainiako diktadurapean eraikitako gizarte-laguntzako etxebizitza zen hura, txikia eta kalitate zalantzagarrikoa, beraz. Osaba-izeba batzuk oraindik han bizi ziren orduan, eta gogoan dut nola otorduetan kontortsionismo saioak egin behar izaten genituen etxe hartako sukalde estuan sartu eta ateratzeko. Batzuetan pertsona bat edo bi mahaitik altxatu eta sukaldetik atera ere behar izaten ginen besteei pasatzeko lekua egiteko.

Aspaldi saldutako etxe haren oroitzapen urrunak urte luzez liluratu ninduen: nola zen posible hain tamaina txikian bost-zazpi pertsona bizi izatea? Baina gaur egun etxe zahar hari beste misterio handiago bat hautematen diot: nola demontre lortzen zuten soldata eta erdirekin bakarrik halako luxua, hainbeste umerentzako mantenua eta bizitokia ordaintzea? Tamalez, galdera horren atzean dagoen sekretua fosa abisalen batean betirako galdu bide da eta ezingo dugu inoiz berrasmatu. Gure giza-existentziako muga natural baten aurrean gaudela onartu behar dugu, prekaritatea, Europako mugetako etengabeko heriotzak, edo klima-hondamendia desagerrarazteko sekretuekin gertatzen zaigun bezala.

Aitona-amonen etxe zaharra baino dezente txikiagoa alokatu duen jendea ezagutzen dut; haien artean, nire anaia. Duela urtebete, bere nagusiei soldatari buruz hitz egitera hurbildu zitzaien, ia diru osoa alokairua ordaintzen galtzen baitzuen. Nagusiek, larrituta, beren egitekoak bertan behera utzi eta anaiari finantzen kudeaketari buruzko hitzaldi bat emateari ekin zioten. Interneten alokairu merkeagoen berrien bila ere hasi ziren, anaiari lagundu nahian. Baina alferrik. Haiek ere ezin izan zuten arazoaren konponbiderik topatu, eta, beraz, misterioak hortxe dirau.

Bitartean, badirudi gizartea beste joera ulergaitz berriak garatzen ari dela: duela pare bat hilabete jakin dugunez, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ume baino txakur gehiago dago, eta gauza bera gertatzen da Espainiako Estatu osoan ere. Fenomeno bitxi horri buruzko gogoetak erraz topa daitezke prentsan: «Zein da 'millennial'-ek txakurrekin duten obsesioaren arrazoia?» edo «dirudienez, zenbait gazte ‘txakumea’ terminoa erabiltzen hasi dira», adibidez. Edonola ere, epe motzeko joera dirudi horrek. Izan ere, aste honetako inkesta baten arabera, AEBetako gazteen %46k esan du laster bere maskotei uko egitea aztertzen ari dela, haiek mantentzearen kostua garestiegi bihurtu delako. Hobby berriak topatu beharko dituzte gazteek. Lorezaintza bertikala, agian? Batek daki. Gizarteak era misteriotsuan jokatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.