Julen Azcona

Endogamia

2024ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun

Idazleok ezagutzen dugunaz idazten dugu. Askotan, gure protagonistak idazleak dira, gu bezala. Bakoitzaren lana hausnartzean lilura bat dago: imajinatzen dut iturgin batek plazera aurkituko duela hodiei buruz hitz egiten. Karmele Jaioren Aitaren etxea-n, Ismaelek sormen-blokeo bat sufritzen du, nobela berria argitaletxeari entregatzeko epea amaitzen ari zaion bitartean; Katixa Agirreren Amek ez dute-n, protagonistak sormen-blokeo bat sufritzen du, aspaldiko lagun batek bere bi ume bikiak hil dituela deskubritzen duen bitartean; Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao-n, protagonistak —berriz ere— sormen-blokeo bat sufritzen du, bere nobela berria idazteko dokumentazio bila New Yorkera doan bitartean.

Hiru istorio horietan errepikatzen den endogamia beste arte-arloetan ere antzeman daiteke. Joan den astean zendu zen Gena Rowlands aktore estatubatuarraren lan garrantzitsuenetariko bat John Cassavetesen 1977ko Opening Night filma da. Bertan, Rowlands antzerki aktore desorekatu baten larruan sartzen da, auto istripu batean hil den emakume baten izpirituak bereganatu duela uste duena. Identitate eta ispilu joko ezberdinak aztertzen dira hemen, antzezlanaren eta benetako bizitzaren artean. Pelikula inspirazio handia izan da artearekin eta endogamiarekin jolasten duten beste zinemagilerendako: adibide gertuena, Pedro Almodóvar eta bere 1999ko Todo sobre mi madre. Filmak zinemagintzaren bihurguneak miatzen ditu, eta Opening Night-en omenaldi bat da. Pelikula «emakume-aktoreak interpretatu dituzten emakume-aktoreentzat» eskaini zuen Almodovarrek eta, zehazki, jada gurekin ez dauden hiru izarrentzat: Bette Davis (All about Eve), Romy Schneider (L'important c'est d'aimer) eta, bai, Gena Rowlands, Hollywoodeko Urrezko Aroan bizi izan zen azkenetako aktorea.

Baina zergatik egin arteari buruzko hainbeste arte? Idazleon kasuan, beharbada uste al dugulako gure identitate krisiak, inbidiak eta frustrazioak errealitatean konpontzeko ahalmena izango dugula, fikzioan husten baditugu? Batzuetan, zilborrari begiratzeari utzi eta beste errealitate batzuetara ihes egitea ere ongi dago. Idaztearen auzia ahaztu eta bizitzaren beste arloetan murgiltzea. Aire garbia arnastea. Gela —eta odola— haizeberritzea. Probatu beharko dut, agian. Beste batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.