Diego Pallés Lapuente.

Eguzki epeletako albisteak

2024ko abuztuaren 1a
05:00
Entzun

Hartz loti erraldoiek udaberrian nola, hala ateratzen ditut nik nagiak abuztu hasieran zutabe hauek idazteko tenorea iristen denean. Denboraldi luze batean albisteen irakurle pasibo eta patxadatsua izan ondoren, zulotik atera eta begiak oraindik argitara osorik egokitu gabe ingurura begiratzen hasten naiz lerro hauetan aipatzea merezi duten gaien bila.

Irakurle patxadatsua izan naizela esan dut? Barka, gezur hutsa. Azken urtebete osoan zehar egunkariak miatuz bildu dudan idazgai posibleen zerrendari so egitean antsietate maila zeruraino igotzen nabari dezaket, Zeledonen aterki magikoa baleuka bezala. Nahi baino gehiagotan Lehen Mundu Gerraren aurreko garaian egotearen sentsazio deserosoa izan dut, hainbeste sable-hots, goranzko chauvinismo, eta Eguberria iritsi orduko gerra bukatuko duten jostailu berrien goraipamen irakurri ondoren. Bigarren Mundu Gerra osteko panorama dakarkidate, bestetik, Palestina eta Taiwanetik datozen berriek. Nurenberg gutxi eta Wannsee gehiegi ikusten ditut, ordea, jende zuriaren sare sozialei erreparatuz gero.

Joera vintagezale honetan iragan mendeko zenbait greatest hit bulkada handiz itzultzen ari dira, mende honek sortu dituen berriak nahikoa ez balira bezala. Sorkuntza berriaren premiarik larriena dugunean, jende dezentek erabaki ontzat hartu du lehengo klasiko zalantzagarriei hautsak kentzea. Batzuetan, albisteen lerroburuak biltzen hasi eta geroko belaunaldiei hondamendiaren kronika apurka osatzeko gogoa sortzen zait. Ezaguna da sentsazioa?

Antsietate dosi txiki bat beharrezkoa eta pizgarria da udako eguzki epeletan lokartu eta kiskali ez gaitezen, bai, baina gehiegizkoak efektu geldiarazle berdina izan dezake. Egunero erabaki behar dugu non topatu oreka hori, nola zaindu geure sen ona eta nola mantendu pertsona aktibo eta konprometitu beldurraren eta zinismoaren zuloan mugarik gabe hibernatzen geratu beharrean. Eta, ahal dela, D bitamina nahikoa hartzen dugula ziurtatu ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.