Nakba —arabieraz ‘hondamena’— esaten zaio 1947 eta 1949 tartean Israelgo armadak egindako palestinarren garbiketa etnikoari, Israelgo independentzia prozesuaren markoan. 750.000 pertsona inguru, garai hartako Palestinako biztanleria ez-juduaren erdia, beren etxeetatik bortxaz egotzi eta errefuxiatu bihurtu zituzten. Hondamen haren adibide txiki gisa Yoav Operazioa izenekoa dugu: zazpi eguneko operazio hartan, Israelgo armadak Palestina hegoaldeko 23 herri konkistatu eta hango biztanle guzti-guztiak kanporatu zituen. Bi herri bakarrik ez zituzten erabat suntsitu; gainerako 21en kasuan, ez dago ia haien arrasto fisikorik ere. Yoav Operazioak sortutako errefuxiatuen exodoaren ondorioz, Gazako biztanleria 100.000 lagunetatik 230.000ra igo zen.
Urte batzuen buruan, operazio militar hartan parte hartu zuen soldatuetako batek bere seme jaioberriari Yoav izena eman zion, garbiketa etniko haren omenez. Gaur egun, Yoav Gallant Israelgo defentsa ministro gisa aritzen da, eta ezaguna da mundu osoan duela hilabete batzuk Israelgo etsaiak «giza animaliak» direla adierazteagatik. Aitak sortu baino errefuxiatu gehiago hil ditu dagoeneko semeak: ekainean Gazako biktimak 186.000 inguru zirela estimatu zuen The Lancet aldizkari akademikoak. Aurreko belaunaldiaren lekukoa jaso eta deshumanizazioa maila handiagoetara eramaten ari dira. «Gaza ez da berriz lehengo modukoa izango. Den-dena suntsituko dugu». Fiskalaren eskaria onartuz gero, Yoav Gallantek Nazioarteko Zigor Auzitegiaren atxilo eskari bati aurre egin beharko dio «gerra krimenak» eta «gizateriaren aurkako krimenak» egitea egotzita. Ez litzateke lorpen makala Gallanten curriculumean.
Egungo sarraskia oraindik bukatu ez dela, neure buruari galdetzen diot: nolakoa izango da hurrengoa? Zer fruitu ustel emango du etorkizunean Gallanten belaunaldiak utzitako ondareak? Are deshumanizazio sakonagoa espero dezakegu xenofobian eta kolonialismoan oinarritutako sistema mantendu egiten bada. Ez Palestinan bakarrik, ordea. Genozidioaren haziak edonon sustraitu daitezke eta, horretarako, lehen urratsetako bat deshumanizazioa izaten da.