Duela 79 urte, 1945eko uztailaren 16an, AEBetako landa eremu batean udalekuetan zeuden hamabi neska gazte gauaren erdian esnatu ziren eztanda baten ondorioz. Beren txabolatik korrika atera ziren, galdara lehertu ote zitzaien ikustera. Ordu txikiak izan arren, kanpoan argi distiratsu handi bat ikusi zuten zeruan, «eguzki erraldoi baten modukoa». Ordu batzuen buruan, beste ezohiko fenomeno bat gertatu zen kanpalekuan: elurra hasi zuen. Neskak elur maluta artean jolastera atera ziren. «Primeran pasatzen ari ginen, malutak eskuetan harrapatzen genituen, aurpegiaren kontra igurzten genituen [...] gure mihietan harrapatzen saiatzen ginen». Elur hura, baina, epela zen. «Noski, elurra epel dago uztailean gaudelako», pentsatu zuten.
Hala kontatzen digu Barbara Kent-ek egun hartan gertatutakoa. 30 urtera iritsi zenean, bera zen kanpalekuko neskatoen artean bizirik zirauen bakarra, egun hartako maluta haiek ez baitziren elurra, leherketa nuklear baten errauts erradioaktiboa baizik. Historiako lehen bonba atomikoaren proba izan zen hura, AEBetako armadak handik kilometro gutxira egina. Aste batzuk igaro ondoren, abuztuan, armada hark Hiroshima eta Nagasakiko 140.000 eta 236.000 zibil artean hilko zituen halako bonba bi erabiliz. Erasoaren ondorioak ere kontuan hartuta, guztira 400.000 biktima egon ziren.
100 bonba atomiko aldi berean lehertzea nahikoa izango litzateke gizakia betiko desagerrarazteko. Gaur egun 12.100 bonba nuklear inguru daude Errusiako, AEBetako, Erresuma Batuko, Frantziako, Txinako, Indiako, Pakistango, Israelgo eta Ipar Koreako armategietan. Eta bai bonba kopurua, bai zerrendako herrialdeen kopurua handitzeko gogoa dago munduko agintarien artean.
Ez nuen espero inoiz jaio nintzenean baino arrisku handiagoa egongo zela holokausto nuklear bat gertatzeko, baina hementxe gaude, arma nuklearren norgehiagoka berri batean. Gizakiok mehatxu existentzial ugari ditugu, baina bat ere ez da arma horiek dakartena bezain hurbila. Inork ez omen ditu erabili nahi, baina arriskua beti hortxe dago, eta egungo egoeratik gure suntsipenera dagoen tartea istripu, giza akats edo kalkulu estrategiko oker batekoa besterik ez da.
Euskal Herriko arma enpresei diru publikoa milioika oparitzen zaien bitartean, humanismoaren eta guztion biziraupenaren aldeko borrokak arma guztien metaketaren kontra eraman behar gaitu, baina horrez gain gorrotoaren, beldurraren eta gerra ahalbidetzen duten baldintza materialen kontra ere bai. Bestela, lehenago edo beranduago, egunen batean geu ere izango gara Hiroshima eta Nagasakiko biktima.