Julen Azcona

Alice Munro, bikaina eta krudela

2024ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun

Berriak literatur mundua astindu du: Alice Munrok ez zuen ezer egin bere alabak, Andrea Robin Skinerrek, jakinarazi zionean txikitan sexu-erasoak pairatu zituela, eta erasotzailea Munroren senarra izan zela, biktimaren aitaordea. Literaturako Nobel sariaren irabazle den egile kanadarrak senarrarekin jarraitu eta alabarekin harremana moztu zuen.

Denek estali zuten gertakaria, baita biografoek ere, idazlea hil arte —joan den maiatzean, 93 urterekin—. Hortaz, ez dugu «Munroren bertsioa». Alabaren arabera, amaren erantzuna hurrengoa izan zen: beranduegi enteratu zela; dena kultura misoginoaren errua zela; eta ez zezala nahi berak sistema honetan zituen beharrak ukatzea, seme-alabengatik sakrifikatzea, gizonen akatsak konpentsatzea.

Munro ikur feminista maitatu bat bihurtu zen hain maskulinoa zen XX. mendeko literaturan, emakumeei buruzko kontakizun intimista, sakon eta konplexuekin. Orain, irakurle asko umezurtz sentitu dira eta distantzia hartu edo beste ikuspuntu batekin berrirakurri nahi dute, agian idazkietan aitorpen txikiren bat aurkitu nahian. Izan ere, irakurtzea idazlearekin itun sekretu bat egitea da. Liburu bat amaitzean, egilea ezagutzen dugula uste dugu, lagun zahar bat bezala. Ahazten zaigu esperimentatu duguna ilusio bat izan dela, gezur perfektu bat, hitzen artisau batek arreta handiz landu duena.

Idazle ona izateak esan nahi al du, beharrez, pertsona ona izatea? Existitzen al dira munduan pertsona onak? Edo guztiok al gara aldi berean onak eta txarrak, gure ekintzen ondorioen arabera? Ez al da literatura gizakiaren dualtasun morala aztertzen duen zientzia, gure barnean ezkutatzen diren gizon eta emakume mota desberdin guztiak azaleratzen dituena? Posible al da egilea eta obra bereiztea? Modu berean miatzen al ditugu afera moralak gizonak ala emakumeak daudenean polemikaren erdigunean? Gai al gara, gizarte bezala, amaren abandonua gainditu eta barkatzeko, historikoki aitarena gainditu eta barkatu dugun bezala? Tabua al da oraindik amatasuna, familia barruko biolentzia eta sexu-abusua tabua diren bezala?

Alice Munro idazle paregabea izan zen. Fikziozko pertsonaiekin enpatia handia erakutsi zuen, baina benetako bizitzan, dirudienez, ez hainbeste. Gauza bat zen, eta kontrakoa. Fikzioa bezala, errealitatea bezala: bikaina eta krudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.