Diego Pallés Lapuente.

Adi, irakurle

2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun

Berri Txarrak-ek ez du abesti gehiago emango; euskarazko debozino liburuen jarioa, ordea, ez da inoiz eteten. Duela lau egun albistea jaso genuen: Joanes Haranburu saratarraren Debozino eskuarra, mirailla eta oracinotegia XVII. mendeko liburuaren beste ale bat agertu da, osorik topatu den bakarra. Pozik daude filologoak eta pozik uda honetan irakurtzeko dotrina, sermoitegi eta bestelako erlijio liburu zaharrik gabe geratzearen beldur zirenak. Dagoeneko euskalgintzaren bingoaren parte bihurtu dela esango nuke: euskararen aurkako epaiketa bat, Irulegiko Eskua sumerieraren bidez azaltzeko beste saiakera bat, debozio liburu berri bat...

Erlijio liburu gehiegi euskal literatura zaharrean? Kontzeptu hori ez da existitzen. Oso modu dotorean adierazi zuen Mitxelenak: «Ezin esan gure literaturan deboziozko liburuak gehiegi direnik. Diogun, bada, bestelakoetan eskas gabiltzala». Beharbada, irakurle ez-elizkoiek itxaropen faltsua hartu zuten 2004an Lazarragaren eskuizkribua aurkitu zenean, puntu horretatik aurrera sotanarik gabeko idazle zahar gehiago topatuko zirelakoan. Iaz aurkitu ziren Oihenarten bertsoek ere 18 urtetik gorakoentzako literatura zaharraren garaian sar gintezkeela iradoki zuten. Baina ez.

Hori dela eta, literaturazale fedegabe batzuek uste dute euskal literatura zaharrak ez duela balio handirik, eta, beraz, ez duela egungo irakurle arruntaren arretarik merezi, harentzako ezer interesgarririk ez baitu. Testuetara hurbildu direnek, ordea, esan dezakete euskal literatura zaharrak balio historiko handia duela, islatzen dituelako Europako hizkuntza gutxitu baten borrokak eta ahaleginak mendeetan zehar. Euskal komunitateari idazkuntzaren bidez duintasuna ematen ahalegindu den egileen segida luze bat ilustratzen du eta egile horiek utzi zizkiguten testuek haien anbizioen eta testuinguru soziolinguistikoen berri ematen digute, zuzenki nahiz zeharka.

Horrez gain, esango nuke nik, ez dira gutxi egungo irakurlea harrituko duten testu zaharrak (gutunak, olerkiak, eresiak, kronikak...), eta sinesten ez nauenak esku artean har dezake Euskaltzaindiaren Euskal literaturaren antologia-ren bi liburukietako bat (laster, hiru) eta begirada bat eman. Testuen bilduma hautatu zabalaz gain, taula kronologikoak eta adituen azalpen argiak ere badauzka. Hori egin ostean erabaki dezala bakoitzak gure idazle laiko eta santujaleen aurrean nola sentitzen den, besteek kontatutako aurreiritziak baztertuta.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.