Vicent Partal.
Enbaxada bila

Egunkari libre bat oinordetzan

2013ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Beti da atsekabegarria adiskide baten heriotza. Are gehiago, ustekabeko heriotza bat bada. Joxan Lizarribar hil zela esateko deitu zenidanean, apenas asmatu nuen adierazten atsekabean laguntzen zintuztedala zu eta BERRIAko jende guztia. Halako berriak ez dira onartzeko samurrak.

Duela urte batzuk, Lisboan hil zitzaidan lagun eta adiskide min bat, Mario Bettencourt Resendes, urteetan Diario de Noticias-eko zuzendari izandakoa; ganorazko profesional bat zen, zorrotza, eta harekin suharki eztabaidatu ohi nuen politikaz eta futbolaz, baina gure lanbide honekiko pasioa ere sentitzen genuen biok. Urtean bitan-edo elkartzen ginen, eta luzaroan aritzen hizketan. Haren eskarmentua ezinago eredugarria zen niretzat.

Bettencourt Resendes hil zenean, hilberri hunkigarri bat argitaratu zuten Diario de Noticias-en, erredakziokoek izenpetua. «Emaztea eta seme-alaba utzi ditu zurtz» esaldi ohikoaren ordez, honela zekarren: «Egunkari libre bat utzi dio herrialdeari». Halako inbidia sano bat sentitu nuen. Joan den arratsaldean, Joxan hil zela jakinarazteko deitu zenidanean, huraxe etorri zitzaidan akordura, eta pentsatu nuen hark ere halakoxe eskela bat merezi zuela.

Durduzatuta eta triste, BERRIAren webgunera jo nuen, Joxan ageri den bideo batera, hantxe hizketan entzutera eta ikustera. Entzuten aritu nintzaion; badakizu, baina, ozta-ozta ulertzen dut euskara, zuk katalana ez bezala, modu jostarian aritzeraino moldatzen baitzara. Joxanekin gaztelaniaz aritzen nintzen, baina haren keinuak, haren ahotsaren doinua, begirada aditu nahi nituen, azkenekoz bazen ere.

Orain, sentitzen dudala baino ezin esan diezazueket, Egunkaria-ren eta BERRIAren lagun diren katalan askoren izenean ari naizelakoan esan ere; alegia, zinez sentitzen dugula, eta gizon ezinbestekotzat daukagula Joxan, eta ondare izugarria utzi duela oinordetzan: egunkari libre hori, zu, Martxelo, zuzendari zaituen horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.