Bat: Iruñea egun batean ezagut dezakezula dio turismo sailaren webguneak, egun bakarrean ikus ditzakezu harresiak, Nabarreria eta Arga ibaiaren ingurunea. Ederra dela diote. Egun bat. 24 ordu. Hiru: hiru egun iraun zuen Kubako iraultza gelditu asmotan yankiek Cochinoseko badian abiatutako kolpe militarrak: Amerikako Estatu Batuetako mertzenarioek eta Kubatik ihes egindakoek iraultza gelditzeko osatutako taldeak ez zuen 65 ordu baino gehiago aguantatu, Kubako herriak garaitu zuelako, azken kolpea Girón hondartzan emanez. Inperialismoaren lehen porrota izan zen Latinoamerikan. Hiru egun aski izan ziren historia idazten hasteko. Bost: diotenez, gizakiak bost egun pasa ditzake, gehienez ere, urik edan gabe, eta, gero, deshidratatuta hilko da; eta hori klima egoera apropos batean, bestelakoetan asko murrizten omen da egun kopurua. Bost egun, urik gabe hiltzeko. Sei: hilekoak sei egun irauten du, batez beste; badira dena dela hiru eguneko zikloak dauzkatenak edo zazpikoak edo auskalo. Oro har, sei egunez odola, ehun-endometriala eta bajinaren jariagaiak erortzen zaizkigu emakume batzuei eta emakume ez diren beste hainbati hankartetik behera. Sei egun, odolusten.
Hamarrekoekin hasita, goazen. Hamaika: kasik bi aste pasa zituen esna, batere lorik egin gabe 17 urteko ikasle batek 1965ean, Chicagon; zehatzago: 264 orduan ez zuen begirik bildu, zientzia klaserako lan bat egiten ari zelako eta bere erresistentzia probatzea zuelako xede. Medikuntzak dio muga hori gaindituta burua joan eta azkenean giza gorputzak ezin duela gehiago. Hamaika egun: horra limite fisikoa. Eta mugekin segituz, hurrengoa. 60 egun: egun kopuru hori aguantatu dezake pertsona batek jan gabe, oso-oso egoera muturrekoan, baina normalena da lehenago hiltzea. Oso jende gutxik gainditu du hirurogeiko muga. Adibidez, Bobby Sands IRAko kideak 66 egun pasa zituen gose greban, 1981eko protestetan, espetxe sistemak erail aurretik. 70 egun inguru: denbora tarte horretan garatu ahal izan zuten Parisko komuna 1871n, bai Bakuninek bai Marxek, hurrenez hurren, anarkismoaren eta marxismoaren garaipentzat zutena. Errealitate egin zen utopia egun batzuez. Herriarenak izan ziren kaleak. 80 egun: hiru hilabetera ez zen iristen Jules Verneren eleberrian munduari buelta emateko beharrezkoa zen denbora muga. Phileas Foggeknahikoa abentura eta desbentura izan zuen tarte horretan. 80 egun, literaturan bidaiatzeko; mundu bat, deskubritzeko. 150 egun: behin, 150 egunez ibili nintzen neska batekin ateratzen, eta horren denbora bikoitza behar izan nuen ahazteko. Ustezko bulkada iraultzaile adina maitasun erromantiko, bost hilabetez. 270 egun: bizi bat sor daiteke bederatzi hilabetean, munduari begi berriz begiratuko dion izaki bat. Mundu bat sor daiteke eta mundu bat aldatu.
1.001 egun: Altsasukoek 1001 egun daramatzate espetxean polizia muntaia baten ondorioz. Zenbat bizi sartzen dira 1.001 egunetan? Nahi baino gehiago. Eta, azkena: zenbat egun beharko lirateke kartzela guztiei su emateko?
EGUZKI EPELEAN
Egunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu