Goiatz Labandibar.
MELE

Ederrenak

2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Onenen zerrendak egitea gustuko duen espeziea gara. Esaterako, National Geographic-en munduko liburu-denda politenen zerrendaren arabera, munduko liburu-denda politena Buenos Airesen dago: Ateneo Grand Splendid. Ez dakit nola eta nork erabakitzen duen zein liburu-denda jarri zerrendan, baina Michelin izarrak ematen dituen dastatzailearen ofizioa gustura hartuko nukeen bezala, izango nintzateke liburu-denden behatzaile ere.

Imajinatzen ditut epaileak inkognitoz ailegatzen hango eta hemengo liburu-dendetara. Atetik sartu orduko xarma duten liburu-dendek barruan eragiten duten zirrara hori sentitzen. Liburuen artean ibiltzen eta denak erosi nahi dituenaren ezintasun hori sentitzen. Disimulatzeko, bizpahiru erosita konformatu beharko dute.

Ez dakit badagoen inor oporretako destinoa zerrenda horren arabera aukeratzen duenik, baina turismo nekrologikoa edo gastronomikoa baldin badaude, zergatik ez da egongo literaturaren turismoa?

Urtetan, Parisera zihoazen guztiei esan izan diet Shakespeare&Company bisitatzeko, ea hango giro zoragarriak irakurzale bihurtuko dituen literatura bereziki maite ez dutenak ere. Halako batean, lagun batek esan zidan orain ilara egin behar dela barrura sartzeko. Argazkia atera Instagramera igotzeko eta errenkadan hurrengoa sar daiteke. Zain daudenetako zenbatek erosiko ote dute liburu bat edo bigarren solairuan dagoen pianoa jo?

Proposamena egingo diet Mele xume honetatik Munduko Liburu-denda Ederrenen hurrengo zerrenda prestatzen dabiltzanei: bisita ezazue Ortzaizeko Menta. 2023ko zerrendan lekutxo bat merezi luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.