Xabier Landabidea Urresti.
MELE

E-rakurri

2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Zenbat lerro irakurriko dituzu gaur, zenbat karaktere? Une honetan bertan irakurtzen ari zaren hitz hauek non ari zara irakurtzen; orrialde baten gainean tintaz inprimatuta edo pantaila batean argi eta ilunen joko artean formatuta? Pantaila handian edo txikian? Bertikalean edo horizontalean? Esku batekin edo bi eskuekin helduta? LCD edo OLED? Axola al du?

Irakurtzeari garrantzi formala ematen diogu, akaso idazteari oraindik ere garrantzia ematen diogulako. Beharbada benetan idatzi eta irakurtzearen indar eratzaile eta eraldatzailean sinesten dugu edo akaso beste garai batzuetatik oinordetzan jaso ditugun beste zenbait instituziok bezala oraindik nolabaiteko aura benjamindar bat gordetzen duten praktikak dira.

Onar dezagun behingoz: Guraso Arduratuen kexu ziklikoak kexu, irakurri, asko irakurtzen dugu. Whatsappik ez izateko azalpenak eman behar dituen gizartean bizi gara gehienok. Pantailan dauden mezuak irakurtzeari ezin uztea izendatzeko ingelesezko berba bat normalizatu dugu: doomscrolling. Idatzizko eta ikus-entzunezko zeinuz saturatutako kale, etxe, garraio, plaza, lantoki, itxaronleku, oporleku eta komuneko konketak dira gureak. Kutsadura semiotikorik gabeko espaziorik apenas gelditzen zaigun.

Eta hala ere unibertsitateetan ez dago irakurtzeko astirik. Hala ere euskararako itzulpenek eta bikoizketek ez omen dute orainik, are gutxiago gerorik. Hala ere gure literatura zirkuituak irudipen hutsa dirudi sarriegi.

Beharbada irakurtzea hitz fosila da, eta egiten ari garen honi beste zerbait deitu beharko genioke. Edo akaso hau da irakurtzea, eta nostalgia hutsa bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.