andoni egana
Plazatik

Durangoko azoka

2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Durango gaiztua da!», adierazten zuen behin eta berriz. «Z» horren ahoskera bitxia entzun izan bazeniote eta esaldiaren logikarik ezari erreparatu, Wert ministroarena izan zitekeela pentsatzekoa zen. Ez zen ministroarena esaldia.

Eta Durango ez da gaiztua. Zaharra, bai. Bizkarrean darama ia mende erdia. Euskararen jiran egiten diren bilera jendetsuetan zaharrenetakoa da. Horregatik du, besteak beste, duen itzala. Hasierako urteetako datu batzuei begira kontura gaitezke zenbatekoa izan den aldaketa. 1965.ean egin zen lehenengoz, eta hurrengo urtean, 1966.ean, 680 liburu eta 179 disko saldu omen ziren. Imajinatzen aritu naiz zein izan zitezkeen salduenak… Xabiertxo, Martin Txilibitu, Nani eta Mani eta horrelakoak ez ziren urruti ibiliko. Nolanahi ere, kopuruaren urria zait harrigarri.

Duela hogei bat urte berriz, kezka bat azaleratzen hasi zitzaigun, zer zetorren ongi jakin gabe, baina begirada zorrozturik. Kulturaren kontsumo intimorako joera gero eta handiagoak arduratzen gintuen. Kulturara iristeko moduak eta moduak baitaude. Eta desberdina da oso zinema-areto bateko txandan zain egon, aurrekoarekin bi hitz egin, atzekoarekin beste bi, parean pasatzen denaren lurrina usaindu edo etxeko bakardadean bideo bat jarri eta irentsi. Eta orduan ez genekien ze aldaketa teknologiko zetozen! Durango alde horretatik ere mesedegarri zaigu. Ohitura osasungarria da kuadrillakoekin batu eta Durangora egun-pasa joatea, batak erosten duena besteak ikustea eta batak ikusten duenak tentatuta erostea besteak.

Durango ona da argitaletxe eta diskoetxeentzako ere. Handientzat bai, eta zer esanik ez txikiagoentzat. Baita autoprodukzioaren bidea hobetsi dutenentzat ere. Durangon salduaren sosak osorik jasotzeko aukera izaten dute argitaletxeek. Ez daukate banatzaileekin banatzen aritu beharrik, eta garraiolari eta saltzaile berriz, eurak izaten dira, ordulariak baino ordu gehiago sartuz. Gizarte honek jada ez du harridurarik azaltzen batzuk egin eta beste batzuk eraman eta ekarri, promozionatu, saldu… egiten dutela jakitean. Maila bereko lantzat dauzkate. Normala da liburuko idatzi duenak adina irabaztea denda daukan izter-lehengusu horrek. Jakina! Arriskatu egin du denda erosi edo alokatzean, argindarra eta ura ordaindu behar ditu, erakusleihoa atondu…

Durangok bestelako albo-mesede bat ere badakar. Idazle edo musikariek zuzeneko igurtzia izaten dute euren lana erosten dutenekin. Nekosoa izan daiteke, baina dirudiena baino garrantzitsuagoa da. Eta ez naiz ari sinadura ekitaldiez. Hori da gutxienekoa. Ari naiz, esaterako, bertsolariok dugun zorteari buruz. Ohituraz hala ikasi genuelako eta goazen tokian beti ez delako izaten, kamerinorik erabiltzen ez dutenetakoak gara. Entzuleekin batera sartzen gara ekitaldira eta batik bat, batera irteten. Eta irteeran ikusten diren aurpegiek, eta entzundako iritzi, uste eta kritikek, izugarri laguntzen digute ondorengo autoebaluazioan bestelako ikuspegiak izateko ere. Durangon ez da kamerinorik idazle eta musikarientzat. Aurrez aurre egiten dute topo irakurle eta entzuleekin. Igurtzi horrek sortzen ditu betirako ohiturak eta loturak.

Durangok ez dezala halere ezkuta gure txikitasuna eta ahulezia. Jende eta salmenta kopuruek handiak emango dute, hasierako haiekin alderatuz gero behintzat. Baina nago, dugun kultur-produkziorako —kopuruz eta kalitatez—, kontsumitzen dena gutxi dela, eta Euskal Herri izate bidean funtsezkoa litzatekeela geuk eta geurek egiten dugun hori indartzea.

«Durango gaiztua da!» sententzia sei-zazpi urteko ume batena da. Aitarengatik galdetzen zuen nonbait urte sasoi honetan, eta amak «Durangon da», «Durangora joan da», «Durangotik laster itzuliko da» eta horrelakoak esaten zizkion aita eskas zuen alabari. Honek errudun zein zen erabaki zuen arte. Igande gau honetan ere izango da horrelakorik edo antzekorik entzun beharko duen guraso idazle, musikari edo editorerik. Ipuinen bat asmatu beharko du ausentziaren ordainetan. Hasiera honako hau izan daiteke: «Behin, hemen, Euskal Herrian, Gerediaga izeneko mendi kaxko batean, baziren hamabi harri borobilean jarriak…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.